Gipuzkoako gazteak larunbatean, martxoak 4, Hernanin biltzekoak dira independentziari aldekotasuna adierazteko. "Gipuzkoarrok dantzan, independentziara!" egunaren baitan, ekimen desberdinak antolatu ditu Ernaik. Usurbildarrak ere hitzorduotan parte hartzeko deia egin du gazte erakundeak, NOAUA!ra helarazi duten idatziaren bidez. "Usurbildik ere ozen adierazi nahi dugu independentziaren aldeko gure hautua, eta oihua sendoa izan dadin, Hernanira gonbidatu nahi zaitugu gazte! Bertan ikusiko dugu elkar!", adierazi dute, independentziaren aldeko hautu argia adierazteaz gain. "Euskal estatua nahi eta behar dugu, posible da", nabarmendu dute NOAUA!ra helarazitako ondoko gutunean.
Martxoak 4, larunbata: "Gipuzkoarrok dantzan, independentziara!" Hernanin
11:00 Eztabaida: gazteok prozesu indenpendentista nola bultzatu.
17:30 Gipuzkoako eskualdeen arteko olinpiada txapelketa Tilosetan.
18:30 Elektrotxaranga.
19:30 Gazte akelarrea Tilosetan.
20:00 Ekitaldia Tilosetan.
22:30 Kontzertuak Urumea Ikastolan: Usurbilgo Odolaren Mintzoa taldea, Huntza eta Guri5.
Antolatzailea: Ernai.
Martxoak 4an Hernanin, gipuzkoarrok dantzan independentziara!
Udaberri honetan Gipuzkoako hainbat herritan izango dugu Euskal Herriko etorkizunaz erabakitzeko aukera. Izan ere, Gure Esku Dago dinamikaren baitan asko dira herriz herri antolatzen dabiltzan herri galdeketak. Tartean, Usurbil eta Zubieta. Galdeketa hauen harira, Ernaiko kideok garbi dugu zein izango den gure erantzuna: euskal estatua nahi eta behar dugu, posible da.
Euskal Herria bi estatu zapaltzaileren menpe dago gaur egun. Demokraziari beldur dioten bi estatu. Etengabeko uko eta oztopoak jartzen dituzten Espainia eta Frantzia. Auzia ez da euskal herritarrok independente izan nahi dugun edo ez, etorkizuneko Euskal Herriari buruz askatasunez erabakitzeko eskubideaz ari gara hizketan.
Euskal estatua behar dugu gure buruen jabe izan gaitezen. Gure buruen jabe, herri eredu justu, demokratiko, parekide eta euskalduna eraiki nahi dugulako. Era duin batean lan, ikasi eta bizitzeko aukera emango digun herria. Euskal estatuak ez digu gure nahiak zuzenki lortzea ahalbidetuko, baina helburu horiek lortze bidean ezinbesteko tresna da.
Ez gara, gainera, utopia batez ari. Posible da euskal estatua epe motz edo ertainean erreala izatea. Horixe ari zaizkigu kataluniarrak erakusten. Ezinezkoa da Frantzia eta Espainia demokratizatzea, eta beraz, gure kabuz egin behar dugu ahalegina lehen aipaturiko nahi horiek bete daitezen.
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako gazteak martxoak 4an Hernanin elkartuko gara independentziaren aldekotasuna adierazteko. Aldarrikapen eta festa egun honetan, orotariko ekimenak izango ditugu. Goizeko 11tan prozesu independentista gazteok nola bultza dezakegun eztabaidatuko dugu, eta arratsaldeko 17:30tan, berriz, Gipuzkoako eskualdeen arteko olinpiadez eta elektrotxarangaz gozatzeko aukera izango dugu. Gazte akelarre bat irudikatuz osatuko dugun ekitaldiarekin emango diogu amaiera arratsaldeari; eta gaueko 22:30tatik aurrera, ondorengo taldeen kontzertuak izango ditugu: Odolaren Mintzoa talde usurbildarra, Huntza eta Guri5.
Usurbildik ere ozen adierazi nahi dugu independentziaren aldeko gure hautua, eta oihua sendoa izan dadin, Hernanira gonbidatu nahi zaitugu gazte! Bertan ikusiko dugu elkar!
Usurbilgo Ernai.