Lasarte-Orian, Urola Kostan, eta udalerri honetan, Usurbilen ere maiatzaren 7rako galdeketak deitu dituzte. Zubieta ere olatu honetara batu da. Galdeketa propioa antolatzen hasiak dira. Maiatzaren 7ko galdeketa halere, prozesu luze eta sakonago baten baitan kokatzen dute zubietarrek. Larunbat eguerdiko 12:00etan Zubietako errebote plazan deitu duten herri agerraldi baten bidez aurkeztuko dituzte hitzordu honen nondik norakoak. Herri agerraldian parte hartzera deitzen ditu zubietarrak, galdeketa antolatzen hasia den herritar taldea.
Zergatik erabaki duzue galdeketa propioa antolatzea Zubietan?
Zubietako galdeketaren antolaketa taldea: Usurbilen galdeketa antolatzea proposatu zenean, dituen berezitasunak kontuan izanda, Zubietak nola parte hartu beharko lukeen planteatu zen. Zubietak Usurbil eta Donostia ditu udalerri, herri izaera propio bat du. Hori kontuan izanda, galdeketa hau nola antolatu beharko litzatekeen iritziak eskatzen hasi ginen; Usurbilen barruan egin beharko litzatekeen, Donostia barruan, Zubietak bere galdeketa propioa egin beharko lukeen. Bi udalerrien artean dauden desadostasunen ondorio bezala Zubietak ez du zentralitaterik hartu eta galdeketa hau behar genuela ikusi genuen, galdeketa horren emaitza eta gure herri izaera hori bi udalek errespetatu dezaten. Erabaki hau hartzeko beste arrazoietako bat izan zen, guk ere gure txikitasunetik posible dugula eta erakutsiko dugula. Herri batzar bat deitu, taldetxo bat biltzen hasi eta Zubietak bere galdeketa propioa antolatzen hastea erabaki zuen.
Larunbatean aurkeztuko dituzue galdeketaren nondik norakoak. Zer adierazi nahi duzue?
Zubietarrok herri bezala beti aitortu dugu bagarela desberdin, gure herri izaera propioa dugula baina inoiz ez garela ausartu publikoki jauzi bat ematera. Aukera hau baliatu nahi da, zubietarrok gure herri aitortza mahai gainean jartzeko. Martxoaren 4ko ekitaldian, Euskal Herriko etorkizunaz guk herri moduan erabaki nahi dugula irudikatu nahi dugu. Herri baten adierazpena izatea nahi genuke. Herriaren agerraldi publikoa. Ia jendea animatzen zaigun.
Maiatzaren 7ra arte jorratuko duzuen bidea Usurbilen jorratzen ari direnaren antzekoa izango da?
Prozedura antzekoa izango da, epez mugatuagoa, Usurbilen lehenagotik hasia baitago prozesua. Baina Usurbilen bezala, galdeketa babesteko sinadura bilketa bat egin nahi genuke. Galdera ere herritarren gehiengo zabal batekin adostu nahiko genuke. Maiatzaren 7ko prestaketa lanetan ere ahalik eta jende gehienaren parte hartzea eskatu nahi genuke.
Galdeketa zubietarrok herri bezala erabakitzen hasteko lagungarria suertatuko da.
Horretan ari gara. Azkeneko herri batzarreko hautaketan hainbat lehentasunen artean ikusten genuen herri sentimendu eta ikuspegi hori landu behar genuela. Galdeketa lagungarri gertatzen zaigu, herrian pizten ari den herri sentimendua bultzatzeko.
Herri agerraldia larunbatean
Eguna: martxoak 4, larunbata.
Ordua: 12:00.
Tokia: Zubietako Errebote Plaza.
Egitaraua: galdeketa bideratuko duen elkartearen, logoaren eta manifestuaren aurkezpena. Argazki herrikoia aterako da. Herriko eragileen parte hartzea, Asier Azpiroz bertsotan, jan edana, manifestua sinatzeko aukera…
Oharra: galdeketa antolatzeko taldea asteartero biltzen da 19:00etan Zubietako Kaxkapen.
Antolatzailea: Zubietako galdeketa antolatzen ari den herritar taldea.