"Zubietarrok gure hitza adierazi nahi dugu ozen"

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 4a, 15:25

Maiatzaren 7rako galdeketa propioa antolatzen ari dira zubietarrak. Larunbat eguerdi honetan aurkeztu dute Zubietako frontoian. Zubiartean izeneko elkarteak kudeatuko du herritarrei hitza hartzea ahalbidetuko dien elkarteak. Eta elkartearekin batera manifestua ere plazaratu dute. Sinadura bilketari ekin diote jada. 16 urtetik gorako zubietarrek, Usurbil nahiz Donostiako zatian bizi direnek babestu ahalko dute manifestua. Bideotatik eman dezakete atxikimendua:

Martxoak 10, ostirala: 17:30-19:00 artean Zubietako plazan jarriko duten mahaian.

zubiartean@gmail.com helbidera idatzi, manifestua eskuratu eta Kaxkapeko postontzian botata.

MANIFESTUA

ZUBIARTEAN

Zubietarrok erabakitze eskubidearen alde

Zubieta, historia luzeko herria.

Gure lur honek bizi izan dituen pasarteen lekuko eta kontalari bikainak ditugu herriko trikuharri, gaztainondo, lubaki, plaza eta zubia. Hamaika istorio eta gertaeren lekuko. Artzaintzatik nekazaritzara pausoa eman zuen lurraldea.

Mila urteko herria, bai, 1.000 urte! Hala zioen gure herriari buruz idatzitako liburuaren izenburuak.

Entzunak ditugu, iraganeko Zubietako Unibertsitateari buruzko kontuak. Zergatik diogu hau? XIV. mendera arte, berau zelako Zubietaren burujabetza modua. Unibertsitatea: Latinezko hitza, "universitas". Elkarte edo komunitate esan nahi duena. Euskaraz, "herria" alegia. Herri burujabea genuen gure herri maitea!!!

Noiz galdu zuen, ordea, bere burujabetza Zubietak? 1379ko otsailaren 28an? Edo, 200 urte lehenago Nafarroako Antso Jakitunak bere forua Donostiari eman zionean?

Nabariak ditu gure herriak Euskal Herriarekiko antzekotasun ukaezinak.

Iraganean: Bitan zatitutako lurraldea.

Gaur egun: Hegoak lotuta dituzten txorien ezintasunak dituzten bi herri.

Eta etorkizunean: Txori kantuek alaitutako egunsentia, amesten duten bi herri burujabe.

Gure herriaren izenak badu aro honetan garrantzitsua dugun ezaugarria: zubia. Hain zuzen ere, zubi artean kokatzen da gure bizilekua, eta lotura lanak egitea askotan tokatu zaigu zubietarroi.

Beraz, zabaldu, ireki eta luzatu ditzagun eskuak! Eraiki ditzagun zubiak! Ideiak, asmoak eta ametsak! Zabaldu besoak, aniztasunari, hizkuntzei, ideologia eta kultura ezberdinei... Izan ere, imajina ezina litzateke, elementu hauek guztiek txertatuko ez lituzkeen herri libre eta burujabea.

Guztion arteko zubiak eraiki eta sendotzeko aroan gaude egun, Zubietako armarriak dioen moduan: ZUBIETA, BATU EZ BANANDU.

Horregatik, zubietarrok gure hitza adierazi nahi dugu ozen: gure etorkizunari buruz erabaki nahi dugu, herri modura nahiz nazio gisara. Erabakitze eskubidea herritarron oinarrizko eskubidea baita.

Hala, euskal herritar garen heinean, Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzea guri dagokigu; eta ondorioz, erabakitze eskubidearen alde Zubietan egingo den maiatzak 7ko herri kontsulta babestu nahi dugu manifestu hau sinatuz. 

Gure etorkizuna erabakitzera goaz!