Alternatiba eta manifestaziorako deia aurkeztuko ditu egunotan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 5a, 13:30

Larunbat goizean Zubietan bertan batzartu dira Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko ordezkariak. Bilkuraren ostean sare sozialen bidez iragarri dutenez, erraustegiari alternatiba aurkeztuko diote hurrengo egunotan. Hori bakarrik ez. Erraustegiaren alternatiba honi babesa adierazteko manifestazio erraldoia deitu dute datorren martxoaren 25erako. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Donostiako Anoeta futbol zelai paretik.

Azken orduotan sare sozialen bide zabaldutako mezuon bidez ohartarazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak egin dituen iragarpenok. "Adi! Errausketaren aurkako mugimenduak errausgailuari alternatiba bat aurkeztuko dio hurrengo egunetan. Hori babesteko herri manifestazio handia deitu da martxoak 25erako, Donostiako Anoeta estadiotik 17:00etan abiatuta".