Jai Batzordea gaur bilduko da berriz, 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 6a, 07:27

Astelehen honetan bilduko da berriz, Usurbilgo festak antolatzen hasia den Jai Batzordea, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.

Otsailaren 13an egindako lehen bilera jendetsuarekin jarri zituzten martxan prestaketa lanak. Abiapuntu ezberdina izan dute ordea datozen festen prestaketek; Jai Batzordeak hutsetik hastea erabaki baitu. Modu honetan, pixkanaka jai eredua irauli nahi da; erantzunkizunak Udala eta herritarren artean partekatu izan dituzten eredutik, herritarrak antolatzaile nagusi bihurtuko dituen eredu baterantzko bidea jorratu nahi dute. Horretarako, jaien egiteko moduan, edukian, eta funtzionamendu oinarrietan eragin nahi dute. Horiek landu eta adostu asmo dituzte.

Gaion inguruan hausnartu eta iazko ekintzak aztertzetik abiatuta, datozen festetarako moldaketak, berrikuntzak proposatzera deia egin die Jai Batzordeak festetan parte hartu asmo duten norbanako nahiz eragileei. Ekarpen guztion bilketa egingo dute gaurko bileran.

Ekainaren 30ean jai

Azken bileran, besteak beste, Usurbilgo festen egutegia finkatu zuten; 2017koak ekainaren 29tik uztailaren 2ra ospatuko dira. Gogoan izan, Santixabel Eguna igandez egokituko dela aurtengoan. Eta honenbestez, jai eguna ekainaren 30era aurreratzea erabaki zuela Usurbilgo Udalak. Ekaineko azken ostiral hori beraz, jai eguna izango da Usurbilen.

GUTUNA

Badatoz jaiak

Urte batzuk bete ditu Usurbilgo Jai Batzordearen jardunak. Urteak joan, urteak etorri, ehundaka izan dira bertan parte hartu izan duten usurbildarrak. Ezin aipatu gabe utzi aurtengoan Tiburtxioren faltak sortuko digun hutsunea.

Bada denbora Jai Batzordearen parte zareten eragile desberdinek beronen funtzionamenduan aldaketak egiteaz gain pauso bat aurrera emateko ordua dela aitortu duzuenak. Honen guztiaren harira, Udalak lehengo urteko festen balorazio bilera bat probestu zuen eragile desberdinen ekarpenak eta iritziak jasotzeko. Bertan plazaratu ziren iritzi desberdinen jakitun, uste dut bilera hartan agerturiko hainbat proposamenen bidean jartzeko ordua iritsi dela. Horren harira, Usurbilgo Udalak Jai Batzordetik at, gai hau tratatzeko bilera dinamika edo talde motor bat eratzeko asmoa du, bertan edoizen herritar zein eragilek parte hartzeko aukera izango duelarik.

Proposamen haiek Jai Batzorde batuago baten eta bertako eragileen elkarlanean oinarrituriko jai batzuen beharra argi utzi zuten. Udala eta ni prest gaude zuen guztion laguntzaz erronkari eutsi eta bideari ekiteko. Hau esanik, argi utzi nahi dut aldaketez ari nahi zen honetan ez direla bat batekoak izango. Hau guztiaren inguruko azalpen bat egiteko asmoa dugu otsailaren 13an egingo dugun bileran.

Argi utzi nahi dut ere aurtengoa ez dela izango batzordea eraldatzeko urtea, baizik eta eraldaketa horri hasiera emateko unea baizik. Jai Batzorde honek bere alde on eta txar guztiekin, Usurbilgo herriko festei egindako ekarpena oso handia dela aitortu behar dugu. Ez dugu ahaztu behar funtzionamendu hau martxan jartzearen oinarrian herritarren inplikazio falta egon zela oinarrian. Beraz baloratu dezagun martxan dugun tresna.

Urteetako funtzionamendu ohitura eta filosofia aldaketa ez da egun batetik bestera egiten. Aldaketak proposatzen ditugun heinean gure errespontsabilitatea ere bada gure inplikazioan eta funtzionatzeko moduan aldaketak ezartzen astea. Ulertu behar dugu elkarlanean eta irekitasun horretan ere norbanako bakoitzaren egoera eta disponibilitatea ez direla berdinak izango ezta gogoa bera ere erronka honi eusterakoan, beraz pixkanakako pausoek duten garrantzia balioan jartzea eskatzen dizuet. Gauza txikiak eginez eta denok eroso sentituaz bakarrik lortuko baitugu Jai Batzorde indartsuago eta eraldatzaile bat.

Xuban Zubiria

Usurbilgo Kultura Gazteria eta Euskara zinegotzia.