Patxi Uranga Picassenteko espetxean geratuko da, Olatz eta Xuarekin

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 6a, 13:18

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman dutenez, Patxi Uranga euskal presoa Valentziako Picassent espetxean geratuko da azkenean, bikote lagun eta alaba, Olatz Lasagabaster eta Xua jaioberria dauden espetxe berean honenbestez. Gogoan izan, Olatz Picassentera lekuz aldatu zuten haurdunaldiaren azken etapan. Ordutik espetxe ezberdinetan izan dituzte. Xua alaba jaio zenean, Patxik alaba ezagutzeko baimena eskatu arren, aita alabak elkar ezagutzeko 21 egun igaro behar izan zuten.

Patxi Picassentera lekuz aldatu zuten azkenean, otsaila hasieran. Orduan ez zegoen argi, Valentziako espetxe honetan bertan geratuko ote zen. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik berri eman dutenez ordea, bai, Patxi, Olatz eta Xua elkarrekin egongo dira, espetxe berean.

Mari Karmen Anza, Donostiako ospitalean

Bestalde, aurreko asteazkenean ekarri zuten Olatz Lasagabaster presoaren ama Mari Karmen Anza Valentziako ospitaletik Donostiakora. Olatz alaba bisitatu eta Xua biloba ezagutzera joan zela urtarrilean Valentziara, eta gaizki sentitu ostean, 33 egun pasa zituen bertako ospitaleko ZIUn. Otsailaren 23an plantara eraman zuten. Hobeto egonda, orain etxetik gertu duen ospitalera ekarri dute Mari Karmen.

"Eskerrik asko benetan denoi!"

Otsailaren 24an Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, Zubiaurrenea kaleko mural berriaren ondoan egin zuten elkarretaratzean animu eta babesa adierazi zioten mobilizazioan batu ziren 118 usurbildarrek Olatz Lasagabasterren amari. Elkarretaratzeko deitzaileek, hitzordu honen aurretik Mari Karmenekin hitz egiteko aukera izan zuten. Hala zioen Olatzen amak. “Ikaragarria izan da jaso dugun babesa. Denbora honetan guztian ezin nuen adierazi, baina hala sentitzen nuen. Eskerrik asko benetan denoi!”, hortxe Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, azken elkarretaratzean usurbildarrei helarazi zizkieten Mari Karmenen hitzak. Bere ahizpa Arantzak ere mezu bera helarazi nahi izan du: “Esan usurbildarrei eskerrik asko, bihotz-bihotzez”. Bihotzak eskutan, elkartasun eta animu mezua helarazi zioten usurbildarrek Mari Karmen Anzari otsailaren 24an.

Izar eta Sara batera, baina sorterritik urrun 

Otsailaren 24ko mobilizazio berean, larri gaixorik dauden presoen egoera (Oier Gomez eta Aitzol Gogorzarena), eta dispertsioaren ondorioz azken aldian senideek izandako istripuak salatu zituzten. Eta kezka azaldu zuten, Olatz Lasagabasterren espetxe berean, Valentziako Picassenten dagoen Sara Majarenas eta Izar haurtxoa bereizi zitzaketelako martxoaren 2an, Izarrek 3 urte betetzen zituen egunean hain zuzen. Milaka lagun batu zituen manifestazioa egin zuten egun berean Donostian.

Ama alabak azkenean ez dituzte bereiziko. Sara eta Izar, Valentziatik Madrilgo harrera etxe batera lekuz aldatu dituzte. Baina sorterritik, Donostiatik urrun segi beharko dute halere, nahiz Sarak espetxe zigorraren hiru laurdenak duela bi urte bete zituen. Sara eta Izar etxera ekartzeko lanean segiko duela iragarri dute izarrekin.eus plataformatik.