N-634 errepidearen egoera berraztertzeko bilera egin zuten Usurbilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Sailak astelehenean Donostian. “Bilera horretan, errepide horrek usurbildarrentzako dituen puntu beltzen gaineko kezka helarazi dio Xabier Arregi alkateak Aldundiari. Sortzen diren arazoei aurre egin asmoz, Usurbilgo Udalak planteamendu orokorra jarri du mahai gainean, eta hitzarmen batean jasotzeko proposamena egin dio Bide Azpiegiturak sailari. Ekintza plan bat jasoko luke hitzarmen horrek, Usurbilgo Udala litzateke bultzatzailea eta beste eragileen parte hartzea ere aurreikusiko luke, esate baterako, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa saila edota Euskal Trenbide Sarea (ETS)”, berri eman dute ohar bidez, Usurbilgo Udaletik.
Udalerri hau alderik alde zeharkatzen duen N-634 errepideko puntu beltzetako bat, ondoko irudian duzue. Berez oinezkoentzako egokitua ez dagoen arren, Lasarte edo Zubieta aldera paseatzera nahiz korrika egitera joan edo bueltan datozenek egunerokoan baliatzen duten Troia pareko pasabidea. Igaro den urriaren 16an gertatu zen azken ezbeharra. 80 urteko gizonezko usurbildar bat hil zen auto batek harrapatuta. Puntu beltz gehiago ere baditu errepide honek, Txikierdi, Kalezar, edota Aginaga inguruetan. Errepideari, tren pasabideak ere batu behar zaizkio. Hauek ezabatzea ere eskatua du Usurbilgo Udalak.