Galdeketa propio bat egitea erabaki dute maiatzaren 7an Zubietan. Usurbilen, Lasarte-Orian edota Urola Kostako udalerrietan galdeketak ospatuko diren egun berean. Herritar talde bat urte hasieratik hitzordua prestatzeko lanean dabil. Larunbat eguerdian aurkeztu zuten galdeketa, Zubietako frontoian. Hainbat txokoetako herritarrek hitza hartuko duten urte honetan, aurkezpenean ziotenez, "guk zubietar moduan parte hartu nahi dugu, erabakitze eskubidearen alde gaudelako. Gure etorkizunari buruz, guk hitza hartu nahi dugulako".
Galdeketaren helburua, "gure herri izaera errespetatu eta babestea da. Horrela Zubietari bere herri izaera aitortuz". Abiapuntutzat dute galdeketa, helmuga ez dute ordea maiatzaren 7an jarria. "Hau hasiera besterik ez da! Zubietarrok prest gaude ibilbide honi ekiteko, gure herri nortasuna aitortzearen alde lanean jarraitzeko", iragarri dute.
"Zubietarron arteko lotura ukaezina da"
Usurbilen maiatzaren 7an galdeketa antolatzea erabaki zenean planteatu zuten zubietarrek nola parte hartu hitzordu honetan. Bi udalerrien, Usurbilen eta Donostiaren artean banatua egon arren, "Zubietaren izaera berezia da" diote. Banaketaren gainetik, "zubietarron arteko lotura ukaezina da" nabarmendu dute. Hala, urtarrilaren 28an herri batzarra deitu eta bertan erabaki zuten galdeketa propioa antolatzea. Ordutik herritar talde bat asteartero biltzen ari da Kaxkapen, galdeketa antolatzeko.
Martxoaren 4an aurkeztu zituzten galdeketaren ezaugarri nagusiak. Zubiartean izena du, galdeketa kudeatuko duen elkarteak. Elkartearekin batera, manifestua ere landu eta plazaratu dute, eta taldeko argazkia atera. Galdeketari begirako hurrengo urratsak ematera doaz orain. Manifesturako sinadura bilketari ekin diote jada eta galdera proposatzeko epea ere zabalik dute zubietarrek, martxoaren 19ra arte. Honatx xehetasunak:
GALDEKETARI BEGIRAKO PROZESUA
Galdeketa eguna: maiatzak 7, igandea.
Galdeketa kudeatuko duen elkartea: Zubiartean.
Manifestua: "Zubiartean. Zubietarrok erabakitze eskubidearen alde"
Taldearekin hartuemanetan jartzeko:
zubiartean@gmail.com
Facebook: Zubiartean
Galdeketa antolatzeko hurrengo urratsak:
-Martxoak 10, ostirala: 17:30-19:00 Manifestua sinatzeko mahaia, herriko plazan (manifestua email bidez ere eskura daiteke eta gero, Kaxkapeko postontzira bota). 16 urtetik gorako Usurbil nahiz Donostia aldeko zubietar orok sinatu ahalko du.
-Martxoaren 19ra arte: galderak proposatzeko aukera mahai horretan, Kaxkapeko postontzian edota Zubiartean Elkartekoei emaila idatzita.
-Martxoak 21, asteartea: bilera ireki bidez adostuko da galdera 19:00etan Kaxkapen.
-Asteartero: Galdeketa antolatzeko taldea asteartero biltzen da 19:00etan, Zubietako Kaxkape egoitzan.
MANIFESTUA
ZUBIARTEAN
Zubietarrok erabakitze eskubidearen alde
Zubieta, historia luzeko herria.
Gure lur honek bizi izan dituen pasarteen lekuko eta kontalari bikainak ditugu herriko trikuharri, gaztainondo, lubaki, plaza eta zubia. Hamaika istorio eta gertaeren lekuko. Artzaintzatik nekazaritzara pausoa eman zuen lurraldea.
Mila urteko herria, bai, 1.000 urte! Hala zioen gure herriari buruz idatzitako liburuaren izenburuak.
Entzunak ditugu, iraganeko Zubietako Unibertsitateari buruzko kontuak. Zergatik diogu hau? XIV. mendera arte, berau zelako Zubietaren burujabetza modua. Unibertsitatea: Latinezko hitza, "universitas". Elkarte edo komunitate esan nahi duena. Euskaraz, "herria" alegia. Herri burujabea genuen gure herri maitea!!!
Noiz galdu zuen, ordea, bere burujabetza Zubietak? 1379ko otsailaren 28an? Edo, 200 urte lehenago Nafarroako Antso Jakitunak bere forua Donostiari eman zionean?
Nabariak ditu gure herriak Euskal Herriarekiko antzekotasun ukaezinak.
Iraganean: Bitan zatitutako lurraldea.
Gaur egun: Hegoak lotuta dituzten txorien ezintasunak dituzten bi herri.
Eta etorkizunean: Txori kantuek alaitutako egunsentia, amesten duten bi herri burujabe.
Gure herriaren izenak badu aro honetan garrantzitsua dugun ezaugarria: zubia. Hain zuzen ere, zubi artean kokatzen da gure bizilekua, eta lotura lanak egitea askotan tokatu zaigu zubietarroi.
Beraz, zabaldu, ireki eta luzatu ditzagun eskuak! Eraiki ditzagun zubiak! Ideiak, asmoak eta ametsak! Zabaldu besoak, aniztasunari, hizkuntzei, ideologia eta kultura ezberdinei... Izan ere, imajina ezina litzateke, elementu hauek guztiek txertatuko ez lituzkeen herri libre eta burujabea.
Guztion arteko zubiak eraiki eta sendotzeko aroan gaude egun, Zubietako armarriak dioen moduan: ZUBIETA, BATU EZ BANANDU.
Horregatik, zubietarrok gure hitza adierazi nahi dugu ozen: gure etorkizunari buruz erabaki nahi dugu, herri modura nahiz nazio gisara. Erabakitze eskubidea herritarron oinarrizko eskubidea baita.
Hala, euskal herritar garen heinean, Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzea guri dagokigu; eta ondorioz, erabakitze eskubidearen alde Zubietan egingo den maiatzak 7ko herri kontsulta babestu nahi dugu manifestu hau sinatuz.
Gure etorkizuna erabakitzera goaz!