Udala, erabakitze guneetan parekidetasuna sustatzera konprometitua

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 8a, 09:44

Martxoaren 8ari begirako mozioa onartu zuen Usurbilgo Udalak, otsailaren 28an egin zen osoko ohiko bilkuran. Josune Estella EHBilduko zinegotzi eta udal gobernu taldeko kideak adierazi zuenez, oraingoan mozio bateratua da aurkezturikoa. Azken plenoaren aurretik, otsailaren 22an egin zuten udal parekidetasun batzordean hain zuzen, EHBilduk mozio bat aurkeztu zuen eta EAJ-ko zinegotzi Josune Urkolak Eudeletik (Euskadiko Udalen Elkartetik) bigarren testu bat. Batzorde hartan, bi mozioak bateratzea erabaki eta adierazpen bateratu hau izan zen hain zuzen, aurreko asteko osoko ohiko bilkuran aurkeztu eta udalbatzak aho batez onartu zuena.

Bide batez, Martxoaren 8ari begira, Matrakak Usurbilgo Talde Feministak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolaturiko ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu zuten.

Parte hartze orekatuaren alde

Aurtengo Martxoaren 8ari begirako mozioak, erabakitze guneetan gizon eta emakumeen arteko parte hartze orekatua bermatzea sustatu nahi du. Berdintasunerako Europako Gutunak tokiko esparru guztietan emakume eta gizonen ordezkaritza eta parte hartze okeratua bermatzea eskatzen die tokiko gobernuei. Ildo beretik, Eusko Legebiltzarrak ere gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatuaren aldeko legedia onartua du.

Halere, errealitatea bestelakoa da. Esparru publikoan azken urteotan aplikatu diren murrizketek, desoreka honetan sakontzea eragin dutela salatzen du mozioak: bai osasun sistema publikoan, berdintasun eta indarkeria matxistaren aurkako departamenduetan. Esparru pribatuan, lan baldintza prekarioenak bereziki emakumeek jasaten dituztela dio.

Eta hainbat datu eskaintzen ditu onartu duten mozioak. Udalgintzan esaterako, "EAEko udaletako %24,7an soilik daude emakume alkateak, eta euskal herritarren %18,82 ordezkatzen dute. 2015ean, alderdi politikoek %32,58an soilik aukeratu zituzten emakumeak hauteskunde-zerrendako zerrendaburu, eta, iraunkortasunari dagokionez, emakumeek abiadura motelagoan igo dira mailaz, baita lidergoan denbora gutxiago iraun ere". Elkarteetan "tradizioz rol femeninoa duten elkarteetan gehiago dira emakumeak". Gutxiago gainerakoetan. Emakumeen elkarteek aurrekontu eta eragin-gaitasun mugatua dute udal politiketan. 

Konpromisoak

Otsailaren 28ko osoko bilkuran udalbatza osoak babesturiko mozio hau onartuz, "Usurbilgo Udalak Berdintasunerako Europako Gutunetik eratorritako konpromisoak onartzen ditu, baita emakume eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritako betebeharrak ere, honako honetarako konpromisoa hartzez gain":

-Sexu bakoitzak %40tik gorako ordezkaritza bermatzea kontsulta eta erabakitzeko organoetan.

-Hautatutako emakume ordezkariek funtzio-esleipen estereotipatuak edo diskriminatuak zein jazartuak izatea eragozteko mekanismoak ezartzea.

-Parte hartzea eta bizitza pertsonal eta familiarra uztartzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea.

-Sexuaren arabera bereizitako estatistikak jaso, bideratu eta publiko egitea.

-Emakumeen parte hartzea indartuko duten espazioak eta sareak sendotzea.

-Udalerriko emakumeen ahalduntzea eta parte hartze soziopolitikoa sustatzeko ekintza espezifikoak ezartzea modu inklusiboan.

-Udalerriko parte hartze prozesuek genero ikuspegia kontuan hartzea bermatzea.

-Udal sailetan neurriok gauzatzeko baliabide nahikoak jartzea.

-Legegintzaldian zehar, zerbitzu publikoetan, bereziki emakumeei zuzendurikoetan murrizketarik aplikatu ez eta 2017-19 artean berdintasun eremura bideraturiko partidak igotzera konprometitzea.