Usurbilen bertan gertu izan arren, ikusezina eta ezezaguna izaten segitzen duen errealitate latz bati tartea egingo diote igandean, Matrakak Usurbilgo Talde Feministak eta Usurbilgo Udalak Martxoaren 8ari lotuta egunotarako antolatu dituzten ekimenen baitan. Emakume migratzaileekin eta haien senideekin lan egiten duen Bidez Bide Elkartearen ekimenez sortu eta Oscar Tejedorrek zuzenduriko “En transito” dokumentala proiektatuko da arratsaldeko 18:00etan Sutegin. “Barrua astinduko digu”, iragarri dute antolatzaileek.
Nikaragua eta Euskal Herria artean grabaturiko ikus-entzunezko lan honetan, handik hona ezinbestean, etorkizun hobe baten bila, haur nahiz helduen zaintza eta etxeko lanak egitera datozen emakumeen bizimodua eta sorterrian uzten dituzten senideena erretratatzen du. Une hunkigarririk ere erakutsiko du. Esaterako, 4 urtetan gure artean bizi eta lanean aritu ostean, sorterrira itzuli eta senideekin topatzen direnekoa.
Bidez Bide Elkarteko lehendakari Soraya Ronquillok NOAUA!ri adierazi dionez, “ez da kasualitatea emakumeok lanok egitera etortzea”. Bere esanetan, sorterrian bezala, hemen ez baitago lana eta familia bateragarri egiten duten politika eraginkorrik, ezta baliabiderik ere mendekotasun egoeran diren herritarrentzat. Ronquillok gaineratzen duenez, “gizonezkoak ez dira lanotaz arduratzen”. Eta honenbestez, zaintza eta etxeko lanon karga guztia, bertako nahiz emakume migratzaileen gain geratzen da.
Esklabutza egoerak
Emakumeon lan baldintzak salatzen ditu Bidez Bide Elkarteak. Bereziki, etxe batean lan egin eta bizi diren hainbatena. “Internen lanak ez luke existitu behar, XXI. mendeko esklabutza lana da”, azpimarratzen du Ronquillok.
Egoera konplexua bizi dute emakumeok; diru beharrean dira, irabazitakoa sorterriko senideei helarazi behar diete, eta egoera "legeztatzeko" denbora bat egin beharra dute gure artean lanean. Eta hor dator emakumeokiko probetxua. Guk nahi ez ditugun eta errekonozimendurik ez duten jardueretan lan egiten dute, kasu askotan lan baldintza ez duinetan. Lanaldi amaigabeak izaten dituzte, batzuetan erasoak jasan ere bai. Bizitakoa isilpean daramate halere, sorterritik eta senideengandik urrun, bakarrik eta laguntzarik eskatu gabe, asko baitute jokoan. “Ikusi nahi ez dugun patriarkatuaren zapalkuntza mota argi bat. Hemen gaudenok lan handia dugu haiek laguntzen eta errealitate hau ez ezkutatzen”, adierazi digute proiekzioko antolatzaileek.
Errealitate latz honen aurrean, aurrera begira zer nolako gizartea eraiki nahi dugun, “zeren edo nortzuen bizkar”, pentsatzera hausnartu nahi dute igandeko proiekzioaren ostean Bidez Bide elkarteko lehendakaria partaide izango duen solasaldian. Erakundeek politika eraginkorren bidez, zaintza lanen erantzule egin beharko luketela dio Ronquillok, “guztia emakume migratzaileengan nahiz bertako emakumeengan delegatu gabe”. Argi denez, egiteko asko dago.
Ondoko bideoan duzue "En transito" dokumentalaren trailerra.
"En transito" dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia
Eguna: martxoak 12, igandea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Bidez Bide Elkartea, Donostiatik Gipuzkoa mailan lan egiten duen elkarte txikia da. Feminismotik lan egiten dute. Hori dela eta, Oscar Tejedor zinemagilearekin batera egin dute "En Tránsito" dokumentala. Lan honek zaintza lanak kokatzen ditu erdigunean, Latino Amerikatik EH-ra migratutako hainbat emakumeek, euren seme-alabekin ezartzen dituzten harremanak nolakoak diren eta zaintzaren gestioa nola egiten duten erakusten duelarik. Finean, dokumentalak zaintza lanen kate globalek emakumeen bizitzetan duen eraginaz, amatasun transnazionaletaz edo zaintza lanen feminizazioaz hausnartzera garamatza. Proiekzioaren ostean, Soraya Ronquillorekin (Bidez Bide Elkarteko lehendakariarekin) mintzaldia egiteko aukera izango dugu".
Oharra: gaztelaniaz.
Antolatzaileak: Matrakak Usurbilgo Talde Feminista eta Usurbilgo Udala.