Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) master amaierako lanetan genero ikuspegia barne hartzen dituen lanak ezagutarazi eta nabarmentzen ditu Maria Goyri Sariketak. Emakumeen Egun honetan banatu dituzte bosgarren edizioko sariok. Goraipatu dituzten lanen artean, usurbildar batena dago; Garazi Lizaso Manterolaren "Birrindutakoa berpizten. Ahaztutako arkitekturak eta emakumeak: Saturrarango emakumezkoen espetxearen adibidea". Sariko "accesit"-a eman diote. Aipamen berezi modukoa jaso du bere lanak. Zorionak Garazi!
Saturrarango espetxeko emakumeei buruz
Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketa masterraren amaieran egin zuen Lizasok gai honi buruzko lanketa. 1938-44 urte artean zabalik izan zen Saturrarango emakumezkoen kartzelari buruzkoa hain zuzen. 1987an eraitsi zuten "eta ez da arrasto materialik geratu. Kartzela zenean gertatutakoak jaso nahi izan dira lanean, arkitekturaren potentzialtasunari eta genero aldagaiaren pisuari buruz hausnartuz".
Usurbildarrak bere lanean gogoratzen duenez, "Saturrarango kartzela eraisteak bertan jazotakoak jendartearen memoriatik ezabatzea ekarri du". Ez horrek bakarrik, emakume izateak eta frankismoaren aurka egoteagatik "ikusezintasun bikoitza pairatzera kondenatuak zeuden bertan giltzaperatuak". Ikusezintasun bikoitz hau nabarmendu nahi izan du Garazik bere lanean. "Gaiari merezi duen zentralitatea eta garrantzia eman nahi zaio, jendartearen oroimenean lekua eginez", dio. "Ez dira subjektu gisa kontsideratuak izan eta beraien jardun politikoa gutxietsia izan da. Zer esanik ez erregimenaren aldekoak ez ziren emakumeen jarduna: frankismoak ez-ezik, euren burkideek ere ez zituzten aintzat hartu. Isilduak eta umiliatuak izan ziren eta gaur egungo aitorpen ezak ere, nolabait, ikusezintasun historikorantz zokoratzen ditu".
Zigor bikoitza
Miseria egoera latzean bizi ziren emakumeok, gosez, gaixotu eta hiltzeraino. Alboan zituzten "umeak indarrez atzemateko aukerari aurre egin beharrean aurkitzen ziren", eta honi guztiari, emakumeon egoera animiko eta emozionalean eragiten zuten "kontrol diziplinak, lan banaketa sexualean (genero femeninoari esleitutako lanak: labore-tailerrak, joste-lanak, etxeko lanak...) oinarritutako zigor luditzeak eta araudi zorrotzak", eta haien moral "desbideratua" zuzentzeko erlijio-lanketa trinkoa eta doktrinamendua gaineratu behar zitzaion.
Errepresio gogorra pairatu zuten garai hartako emakumeek, Lizasoren lanak jasotzen duenez. Eta espetxeratuek "zigor bikoitza jasaten zuten: penala eta soziala". Soziala, "feminitatea umiliatzeko emakumezkoen aurka aplikatu ziren zigor espezifikoen" bidez. "Publikoki gauzatu ziren umilazio errituak ziren: jendaurrean ilea larru-arrasera moztea edota soiltzea, errezino-olio bidezko garbiketak eta irain eta iseka publikopean desfilatzea. Erritual horiek erakustaldi modura gauzatu ziren, ikuslearen gozamen eta atseginerako. Gainera, polizia-etxeetan, kuarteletan eta espetxeetan bortxaketak ohikoak ziren, sistematikoak, kontrol-mekanismo gisa erabiliak".
Irudia: utzitako argazkia.