Erraustegiak badu alternatiba merkeago eta osasuntsuagoa

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 9a, 15:14

"Ezer berririk ez dugu jasotzen alternatiba honetan" esanez hasi dute Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek, goizean Donostiako Udalean egin duten agerraldia. Lehendik Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak landua zuen proiektua da aurkeztua dutena; erraustegia alboratzen duen alternatiba osasuntsuago eta merkeagoa aurkeztu die aipatu mugimenduak hedabideei. Gako nagusiok ditu; batetik, gaikako bilketa sistema eraginkorra Gipuzkoa osora hedatzea, bildutako zati bakoitza egoki tratatzea, eta neurriokin nabarmen murriztuko litzatekeen erreusarentzat Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta malgua eraikitzea. 

Egungo Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan eraiki eta 2019rako martxan jarri nahi duen erraustegiaren parean, kostuak murriztuko lituzke alternatiba honek. Eta noski, ingurumen eta gipuzkoarron osasunarentzat, alternatiba askoz jasangarriagoa litzateke. Honatx, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak goizean aurkeztu duen alternatibaren ardatz nagusiak:

Alternatibaren gakoak

-Prebentzioa ahalik eta gehien sustatu.

-Gaikako bilketaren emaitza onak Gipuzkoa osora hedatu.

-Sortutako hondakin guztiak tratatu. Hondakin zati bakoitzari dagokion tratamendu egokia eman.

-Erreusarentzako Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta eraikitzea:

1-Malgua: hondakinen kudeaketak izan dezakeen bilakaerara egokituko dena.

2-Gaitasuna: urtean, 150.000-160.000 tona zabor tratatu, gaika bildutako 20.000 tona organiko konpostatu eta 13.000 tona ontzi arin sailkatuko lituzke.

Etorkizunerako neurri gehiago...

-2.000 biztanletik beherako Gipuzkoako 43 udalerrietan zati organikoa bildu gabe konpostatzearen bidez tratatu.

-Berrerabilpena sustatu.

-Produktu sortzaileen erantzukizuna sustatu diseinuetan.

-Tarifa justuak sustatu: hondakinen sorreraren araberako ordainketa bultzatu. Gehien kutsatzen duenak gehien ordaintzea sustatu. Gutxiago sortzen duenak gutxiago ordaintzea sustatu. 

-Puntako eskualdeekin elkarlana bultzatzea: "Europan badira dagoenekoz martxan, Gipuzkoa adinako eskualde handiak (Italiako Treviso...) 50 kg errefusetik 8 urteko epean 10 kgtara murrizteko lanean ari direnak".

Erreusaren bilakaera

-Egungo 150.000 tona erreus ingurutik 50.000 tonara murriztuko litzateke Gipuzkoa osoan, gaikako bilketa eraginkortuz gero. 50.000 tona hauek TMB plantan tratatu ostean, 25.000 tonara murriztu ahalko dira. Hauek, inerteentzako biltegietan utziko dira.

-Erraustegia eraiki eta martxan jarriko balitz, 150.000 tona erre ostean, 50.000 tona errauts eta eskoria toxiko sortuko lituzke.

Kostua

-TMB planta: 70 milioi euro.

-Errauste planta: 212 milioi euro.

Egungo datuak

-Gipuzkoako 88 udalerrietatik 58 udalerrietan, %7oetik gorako gaikako bilketa dute. Gipuzkoarren %25ak hondakinak egoki bereizten ditu.

-Udalerri guztiotan, gehienez 80 tona erreus sortzen dute urteko eta pertsonako. Gipuzkoako zenbait udalerrietan, 50 kg edo gutxiago.

TMB planta

Erraustegia