Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek goizean Donostian zioten moduan, aurreko legealdian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) landua izan baina "kaxoian gordea duten" alternatiba da gaur aurkeztu dutena. Erraustegia guztiz alboratzen duena. Egungo Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019rako Zubietan eraiki asmo duen errauste planta baino errazago eta azkarrago egingarri bilaka dezakeen alternatiba. Hondakinen kudeaketari irtenbide merkeago eta osasuntsuagoa emango diona. Aurreko legealdian GHK-k landu zuen plagintza hura berreskuratzea eskatu dute gaur Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideek. "Hor dago negoziaketa bat hasteko oinarrizko dokumentu bat", gogorarazi dute.
Egingarria dela nabarmentzen dute. Eta egi bihurtzeko gakoa, borondate politikoan dagoela gogorarazi dute Joxe Mari Irazusta usurbildarrak eta Maria Luisa Sanchezek. Borondatearen baitan dago, egun Gipuzkoak dituen gaikako bilketa datuak hobetzea. Udalerriaren arabera, bilketa sistema ezberdinak daude indarrean. Sistemaren arabera, emaitzak ere desberdinak dira han eta hemen. "Desberdintasun horren gakoak zertan datza?", galdetzen zuten hedabideen aurrean Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek. "Batzuk gaikako bilketa sistema orokortua dute, besteek borondatean oinarritua", azpimarratu dute.
Argi denez hor bada zer hobeturik, eta zabaldurik. Aipatu mugimenduko kideen aburuz, "ez da onargarria batzuek pertsonako 50 kg azpitik sortzea eta beste udal batzuek 250 kg edo 300 kg sortzea. Ez da logikoa, ez justua. Gutxienez Debagoienak 2016an lortu duen pertsonako 80 kgtaraino denak murriztea lortu daiteke eta lortu behar da. Hori eginez gero, Gipuzkoak 50.000 tona errefus sortuko ditu".
Erantzukizun maila parekidea
Gaikako bilketa sistema eraginkortzeak epe motzean dakartzan emaitza bikainak Gipuzkoa osora hedatzea posible dela nabarmendu dute gaur. Dagoeneko udalerri txiki, ertain eta handiak normaltasun osoz jorratzen ari diren bide horretara batzea galdegin diete gainerakoei. "Arrasaten, Beasainen, Hernanin edo Ordizian normaltasunez etxeetan egiten duten hori zergatik da ezinezkoa Donostian, Oreretan, Irunen, Azpeitian, Lasarten, edo Andoainen? Gakoa borondatea da. Eskatzen duguna da herri horietan birziklatzearen alde daudela esatetik birziklatzearen alde egitera pasatzea", gogorarazi dute. Alegia, gipuzkor orok sortzen ditugun hondakinen aurrean, erantzukizun maila parekideja izatea. Gipuzkoako hainbat udalerrik erakutsi duten moduan, eskura dagoen teknika hoberena baliatuz.
Urgentziazkoak, organikoarentzako tratamendu plantak
Teknika hoberena aplikatzeko baliabideak jartzea administrazioari dagokio. Eta administrazioari, bilketa sistema eraginkorrenak sustatzeaz gain, bildutakoa tratatzeko Europako hondakinen kudeaketarako hierarkia (prebentzioa, berrerabilpena, birziklatzea...) errespetatuko duten azpiegitura egokiak prestatzea eskatu dio Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Hala, sortzen dugun hondakin zati handiena, organikoa, bakarka nahiz taldeka konpostatzeko egitasmoak, itxaron ezin duten lehentasunen artean kokatu dituzte. "Urgentziazkoa da Gipuzkoak dagoenekoz organikoarentzako dauzkan azpiegiturak hobetzea eta behar diren berriak sortzea", adierazi dute.
Gainerako hondakin zati birziklagarrien tratamendua (papera eta kartoia, beira eta ontzi arinak) hobetzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute. Eta noski, erreusari ere irtenbidea ematea. Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegia alboratu eta Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta eraiktizea proposatzen du. Hurrengo urteotan, hondakinen kudeaketak izan dezakeen bilakaerari egokitzeko malgutasuna izango dena. Planta honetan, gogoraratzen dutenez, "errefusari ateratzen zaizkio aprobetxatzeko dauzkan materialak eta gainerako guztiak ondo sailkatzen du".