Erraustegia alboratzen duen alternatiba babesteko manifestazioa martxoaren 25ean Donostian

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 9a, 13:36

Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegia alboratzen duen alternatiba aurkeztu du gaur hedabideen aurrean. Orain, alternatiba babesteko ekimenak abiatuko dituzte egunotan. Aurreko larunbatean Zubietan egin zuten batzarrean erabaki zutenez, atxikimendu bilketa kanpainari ekingo diote. Honekin batera, herritarrak mobilizatzera deitu dituzte gaur. Manifestazioa antolatu dute martxoaren 25erako, larunbata, Donostian. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Anoeta futbol zelai paretik Bulebarrera, "Errausketarik ez, alternatiba dagoelako" aldarripean. Albiste honetan beherago duzue, manifestazioari lotuta antolatzaileek plazaratu duten kartela. 

Manifestazioa baino astebete lehenago, hilaren 18an, gipuzkoarrak Anoetara agertzera deitu dituzte. Prentsaurreko masibo bat antolatu dute. Segidan dituzue, Errausketaren Aurkako Mugimenduak asteotarako finkatuak dituen deialdiak.

Mutiloako zabortegiaren aurkako agerraldi masiboa

Bestalde, Goierri Bizirik plataformak prentsaurreko masiboa deitu du iganderako, martxoak 12, eguerdiko 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan, “birziklapenaren alde, Mutilako zabortegiaren aurka”. Hitzordura bertaratzeko deia egin diete gipuzkoarrei. "Zatoz!", luzatu dute gonbita. Hala dio deialdiak: "Mutiloako Udala presiopean. GHK-k ez die udalei erantzuten. Herri borondatea zanpatua. Inposaketa hutsa".

Datozen deialdiak

Martxoak 12, igandea

12:00 Gipuzkoa mailako agerraldi masiboa Donostiako Gipuzkoa plazan, “birziklapenaren alde, Mutiloako zabortegiaren aurka”.

Deitzailea: Goierri Bizirik.

Martxoak 18, larunbata

12:00 Martxoaren 25eko manifestazioa bultzatzeko agerraldi masiboa herritarrekin, Donostiako Anoeta futbol zelai parean.

Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Martxoak 25, larunbata 

17:00 Erraustegiaren alternatiba babesteko manifestazioa, Donostiako Anoeta futbol zelai paretik Bulebarrera.

Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.