Errigoraren Uztaberria elkartasun kanpaina azkenetan da. Gogoan izan, Nafarroa hegoaldeko produktuak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan eskuratzeko aukera dugu asteartera arte. Oparo dator; aurreko urteetan, martxoan egin ohi duen oliba-olioaren eta maiatzeko kontserben kanpainak bateratu dituzte aurtengoan, gogorarazten dutenez “urtean bi udaberri izango bagenitu, bigarrena ez litzateke berria izango” eta. Kanpainan parte hartzeko gonbita luzatu dute Errigoratik. "Ez ezazu, beraz, aukera joaten utzi eta bete despentsa urte guztirako. Izan ere, uztaberria bakarra da".
Uztaberri bakarra izango dugu, eta aipatu moduan berdea, “izan ere, lehenengoz, Eskutik Eskura eskaintzen diren produktu guzti-guztiak ekologikoan eskuratu ahal izango dituzu. Udazkenean, Errigorago joan eta izatearekin amestu genuen. Bada, aurtengo eskaintza berdearekin, hasi gara dagoeneko ametsak egia bihurtzen, nekeza izan bada ere”.
Kanpaina honi begira, gaineratzen dutenez, "gogotik egin dugu lan: ekoizle gehiago topatu behar izan dugu, nekazari eta elaboratzaileak harremanetan jarri, nekazari-sindikatu eta ekoizpen-kontseiluekin lankidetza bideak garatu... Eta, hala ere, agroekologiaren bide luzearen lehen urratsak baino ez ditugu eman. Leiho txikiak zabaldu ahala, ordea, Nafarroa hegoaldeko landa eremuan eragiteko ate berriak ireki zaizkigu. Oraindik Errigorago eramango gaituzten ateak. Orain artekoak bezala, guztion artean zabalduko ditugun ateak: auzolanean eta elkarlanean".
Errigoraren produktuak eskatzeko epea zabalik dago NOAUA!n:
Eskaerak NOAUA!n
Eskaerak egiteko epea: martxoak 1-14.
Eskaerak non: NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Eska daitezkeen produktuak: 5 litroko oliba-olio birjina estra edo ekologikoa, pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, barazki-menestra, potxak, tomate frijitua, barazki-, kalabaza-, porru- eta brokoli-kremak. Produktuok lote ezberdinetan erosteko modua izango da.
Ordainketak, produktuak jasotzerakoan: oliba olio bidoien banaketa martxoak 30-31 egingo dugu eta kontserbena ekainaren 1 eta 2an.
Informazio gehiago: errigora.eus edo NOAUA!n (943 360 321 edo elkartea@noaua.eus)