Zubietako Yoko Garbi Elkartea irekitzea eskatzeko, elkarretaratzea ostiralero

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 13a, 03:00

Zubietarren biltokia den Yoko Garbi Elkartea itxita dago. Itxiarazi egin dietela diote, NOAUA!ra helarazi duten idatzi bidez. Elkartea irekitzea eskatzeko elkarretaratzea deitu dute ostiralero 20:00etan Errebote plazan. Honatx elkarteko kideek NOAUA!ra helarazitako idatzita:

"Zubietako YOKO GARBI “soziedadea”/ elkartea ixtera behartu gaituzte.

Azken 60 urte baino gehiagoan, zubietarrok izan dugun elkargunea itxiarazi digute eta honek herrian egonezin ikaragarria sortu du. Begibistan dago, kaltetuak denok garela, Yoko Garbi baita ume, gazte eta helduok bildu ahal izateko dugun lokal bakarra.

Egoera honek bazkide eta zubietar guztioi dakarzkigun eragozpen eta arazo larrien aurrean, herritar talde bat ostiralero biltzen gara Zubietako Errebote plazan arratsaldeko 8retan; alde batetik, gure egoneza adierazteko eta bestetik Yoko Garbi irekitzearen aldeko aldarrikapena egin eta entzunarazteko.

Denon ahalegina beharrezkoa denez, anima zaitez!"