Goierri Birzirik plataformak deituta, Gipuzkoako Foru Aldundi atarira eraman zuten igande eguerdian, Mutiloara zaborra eramatearen aurkako eta birziklapenaren aldeko protesta. Hondakinen kudeaketarekin dugun arazoa konpontzeko Aldundiak duen irtenbide bakarra erraustegia izan eta hura eraiki artean, Mutiloako zabortegiaren ideia bururatu zaiela salatu zuten. "Horretarako herritarren nahiaren gainetik pasatzeko prest zaudete. Inolako begirunerik ez duzue izan kaltetutako herrietako (batez ere Mutiloa, Gabiria eta Ormaiztegi) biztanleekiko, ezta gure udal ordezkariekiko. Zuzenean herrietara joan beharrean, komunikabideetara bidali zenuten prentsa oharra", diote Goierri Birzirik plataformatik.
Aldundiak Zubietan eraiki asmo duen erraustegiarekin, "Europak ezarritako gutxiengoetara mugatuko da birziklatzea" diote. Eta arazoa ez dela konponduko. Are gehiago, Aldundiak hondakinekin zer egin ez dakiela diote aipatu bilgunetik. Horregatik, bide alternatiboak jorratzea eskatzen diote Diputazioari. Aldundiak hondakinak murriztu eta sortutakoa ahalik eta gehien birziklatzeko neurri eraginkorrak sustatu beharko lituzkeela diote. Goierri Birzirik-etik. "Egin dezagun denon artean benetako ahalegina banaketa gainditu eta azken garaietan gure lurraldean ia arazo handiena izan dena behingoz merezi duen mailara jaisteko, denon mesederako izango da eta", diote, hedabide ezberdinetara helarazi duten gutunean. Segidan duzue osorik.
Zabortegi honen aurkako sinadurak ere bildu ditu herri plataformak. Prentsaurreko honen bezperatan eraman zituzten Foru Aldundira.
Markel Olano eta Jose Ignacio Asensiori gutun irekia
Gipuzkoan urteak daramatzagu hondakinen arazoa ezin gaindituta. Talde politikoek planteamendu ezberdinak dituzue gaiaren inguruan, eta ondorioz erakundeetan aldian-aldiko arduradunek politika kontrajarriak jarri dituzue abian, bai udalerrietan, bai mankomunitate mailan, bai eta lurraldekoan. Eta arazoak bere horretan dirau. Egun, zuek daukazue ardura nagusia hondakinen gaian, Jose Ignacio Asensiok GHK-Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari bezala, eta Markel Olanok GHK-ren akziodun nagusia (%33) den Gipuzkoako Foru Aldundiko Aldun Nagusi bezala. Behin eta berriz errepikatzen diguzue ia konponduta dagoela, urrats bat besterik ez dela falta. Baina ez da egia, arazo handiena ez baita zer egin behar dugun bizi garen gizarte hiper-kontsumista honetan sortzen dugun hondakin kopuru izugarriarekin. Sakonena dagoena, arazoei konponbidea emateko aukeratzen dugun eran, eta arazo horien erabilpen maltzurrean baitago. Talde politiko ezberdinek elkarren artean mokoka ibili zarete, egun batean argumentu bat eta hurrengoan kontrakoa erabiliz aurkaria ahuldu eta abantaila politikoa ortzeko. Eta ez zarete konturatzen gizarteak garai hori gainditu nahi duela, aspertuta gaude, zuek zuen egoskorkeria horretan jarraitzen duzuen artean, kalteak denok jasan behar ditugulako.
Hondakinen gaian erabaki garrantzitsuak hartu dira azken aldian. Dena baza bakarrera jokatu duzue: errauskailua. Eta osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen zuzeneko ondorioei buruz dauden iritzi ezberdinetan sartu gabe, instalakuntza hori edukitzeak birziklatzean egingo den ahalegina Europatik eskatzen diren minimoak betetzera mugatuko da. Bere eraikuntza justifikatzeko tranpak egin dira, hala nola biztanle kopuruaren hazkunde sinesgaitza aurreikusi, etorkizunean sortuko den zabor kopurua puztu,…
Bitartean, ez dakigu zaborrarekin zer egin, eta Mutiloakoa bezalako irtenbideak asmatu beharrean aurkitzen zarete. Goierriko eskualdeari oraingoan ere loteria tokatu zaio: Hedabideetan zabaldutako iragarkietan Birziklapenaren Aldeko Eta Mutiloako Zabortegiaren Aurkako Plataforma zabortegiak itxi dituzuela zabaltzen duen aldi berean, Gipuzkoako zaborraren zati handi bat hurrengo urteetan Mutiloa herri txikira (266 biztanle) ekartzea erabaki duzue. Dena ondo aztertuta eta prestatuta dago: Hondakin geldoen isurtegi batean zabortegi berri bat irekitzeko bidea Ia isilpean prestatu duen enpresa pribatu bati (Lurpe, CESPA, Ferrovial) esleitu, eta eskuak garbitu, bide batez, enpresa pribatura milioika euro bideratuz.
Eta horretarako herritarren nahiaren gainetik pasatzeko prest zaudete. Inolako begirunerik ez duzue izan kaltetutako herrietako (batez ere Mutiloa, Gabiria eta Ormaiztegi) biztanleekiko, ezta gure udal ordezkariekiko. Zuzenean herrietara joan beharrean, komunikabideetara bidali zenuten prentsa oharra.
Ondoren, sortutako zalaparta baretzeko udal ordezkariekin bilera bat egin, eta ez duzue gehiago aurpegia eman. Haien harreman saiakerak saihestu egin dituzue, mespretxatu. Hedabideetan udal autonomiaren aurkako erasoak ikusi behar izan ditugu, gainerako gipuzkoarrekiko “solidaritate” eskaerekin batera. Gure eskualdean zegoen zabortegi publikoa, Sasietakoa, solidaritate horregatik dago itxita aurreikusitako epea baino lehen: eskualdetik kanpoko zaborra jaso zuelako. Beraz gai horretan gure eskuzabaltasuna agerikoa da.
Legediaren aitzakiarekin, zilegitasunik ez duen erabakia azken muturreraino eramateko prest zaudete. Zer egin behar du honelakorik nahi ez duen udalerri txiki batek? Baimenik ez eman, eta ondorio juridiko eta ekonomiko neurrigabeei aurre egin? Txantaia hutsa da herritarrentzako. Joan den abenduaren 18an Ormaiztegitiko kaleak bete egin genituen, Lurpe isurtegiraino egindako manifestazioan asmo honen aurkako iritzia aldarrikatuz.
Aitzitik, zaborraren arazoaren tamaina murrizteko neurri eraginkorrik ez dugu ikusten apenas. Eta helburu hau lortzeko bidea zein den argi dago: Hondakin gutxiago sortu, eta sortutakoaren gehiena birziklatu. Horretarako, gaikako bilketa bultzatu, toki bakoitzean erabakitzen den eran, baina helburu garbi honekin: Sortzen den errefusa kopurua neurri drastikoan eta epe laburrean jaitsi. Posible da, gure Birziklapenaren Aldeko Eta Mutiloako Zabortegiaren Aurkako Plataforma eskualdean eta beste batzuetan (Debagoiena,…) erakusten ari garen bezala.
Baina hau zuentzako orain arte ez da lehentasuneko kontua izan. Nola azaldu bestela, Mutiloako Ferrovialekin sinatutako kontratuan, 3 urteetan zehar zabor kopurua berdina izatea? Edo GHK-k mankomunitateei kobratuko dien tasetan, errefusa merkatu eta organikoa garestitu izana? Edo Erraustegiaren erabilerarako mankomunitateek ordaindu beharko duten diru kopuruetan, ongi birziklatzeak ia abantailarik ez izatea?
Horregatik, aurrerantzean zenbat errefusa sortuko dugun erabaki politiko bat da, erakundeek (nagusiki GHK-k eta beraz Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mankomunitateek) nahi duzuen bezain baxua izan daiteke (bere mugekin, baina horietatik oso urruti gaude!), herritarrok erakutsi baitugu baliabide egokiak ematen zaizkigunean gauzak oso era txukunean egiteko gai garela.
Beraz, gure proposamena eta eskaera argia luzatzen dizuegu: Egin dezagun denon artean benetako ahalegina banaketa gainditu eta azken garaietan gure lurraldean ia arazo handiena izan dena behingoz merezi duen mailara jaisteko, denon mesederako izango da eta.
Goierri Birzirik sarean:
Facebook: Goierri BirZirik
Twitter: @BirZirikGoierri
Datozen deialdiak
Martxoak 18, larunbata
12:00 Martxoaren 25eko manifestazioa bultzatzeko agerraldi masiboa herritarrekin, Donostiako Anoeta futbol zelai parean.
Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.
Martxoak 25, larunbata
17:00 Erraustegiaren alternatiba babesteko manifestazioa, Donostiako Anoeta futbol zelai paretik Bulebarrera.
Deitzailea: Errausketaren Aurkako Mugimendua.