Gipuzkoako Orientazio Ligako proba, igandean Txokoalden

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 14a, 10:57

Gipuzkoako Orientazio Taldeak azarotik ekainera antolatu duen 2. Gipuzkoako Orientazio Ligako laugarren proba, Andatza mendiaren magalean, Txokoalde inguruan ospatuko da igandean, martxoaren 19an. Izen ematea zabalik dago, gotorientazioa.org atarian. Euskal Herriko Unibertsitateko txapelketa ere bada honakoa. Hauez gain, 150 parte hartzailerentzako lekua dago kirol ekimen honetan. 

Martxoak 19, igandea

9:30 Harrera gunearen irekiera Txokoaldeko pilotalekuan.

10:00 Lehen irteerak.

12:00 Azken irteerak.

14:00 Itxiera.

Antolatzailea: Gipuzkoako Orientazio Taldea.

Zer da orientazioa

"Orientazio froga bat, mapa batean adierazitako ibilbide bat, naturan jarritako balizak bilatuz egitean datza.

Parte hartzaile bakoitzak, mapa bat eta kontrol txartel bat izango du, bertan baliza bakoitza zulatu beharko delarik. Ondoren, orientazio froga batean ohikoa den mapa bat azaltzen da. Irteera emandakoan, parte hartzaile bakoitzak, maparen laguntzarekin, lehen baliza bilatu beharko du, eta behin topatutakoan, balizako pintzarekin zulatu beharko da, kontrol txartelean. (Baliza bakoitzak zulatu ezberdina dauka, eta ondorioz, antolaketak ziurta dezake baliza orotan izan dela parte hartzailea).Parte hartzaileak antolaketak ezarritako ordenean bilatu beharko ditu balizak, eta behin azkenekoa bilatutakoan, helmugatik pasako da (bertan izango da azken baliza) kontrol txartela emanez. Ondoren, orientazio kirolari buruzko azalpen bideo bat aurkezten da".

Zehaztasunak:

 "2016-17 ikasturtean egiten ari diren Gipuzkoako Orientazio Ligako  4. proba Usurbilgo Txokoalde auzoan antolatuko da. GOL-eko proba izateaz gain Euskal Herriko Unibertsitateko txapelketa izango delarik. Auzoan bertan egokituko da aparkalekua. Harrera gunea,  pilotalekuan izango da eta irteera 600 m ingurura kokatzen den Guardetxe inguruan izango da".

Izen ematea: 

"Dagoen aparkaleku kopurua kontutan izanda, gehienez ere 150 parte hartzaile onartuko dira. (EHU-ko txapelketako parte hartzaileez gain). Parte hartzaile kopuru hori betetakoan izen emateko aukera itxi egingo da".

Oharra: 

"Bai aparkaleku nagusia kokatzen den Txokoaldeko auzoan, eta baita orientazio proba antolatuko den eremuan ere trenbidea zeharkatu beharko da. (Ibilbide horiak ez). Aparkalekuan,  trenbidea zeharkatzeko, kontuz ibiltzea eskatzen du antolaketak, ohiko arauak jarraituz. Eta  orientazio proban ere, trenbidea zeharkatzea debekatuta egongo da, horretarako egokituriko pasabidea izan ezik. Pasabide horretan antolaketako bat izango da, eta beraz bere oniritziarekin soilik pasa ahal izango da. Parte hartzen ari zaretenean, trena pasako balitz, dagokion denbora itxaron beharko da. Arau hau ez betetzeak, kanporatua izatea suposatuko du".

Informazio gehiago: GOTorientazioa.org edo info@gotorientazioa.org

Antolatzailea: Gipuzkoako Orientazio Taldea.

Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Euskal Herriko Unibertsitatea, Sua Edizioak eta Natura 2000.