Zubietako Kutxa Kultur Festibalerako bonoak salgai

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 15a, 09:37

Azken bost urteotan Igeldoko jolas parkean ospatu den Kutxa Kultur Festibala Zubietako hipodromora lekuz aldatu dute aurtengoan. Antolatzaileen esanetan, eskenatoki aldaketa honekin, jaialdiak bost urteko ziklo berria abiatuko omen du, ekimen familiar, original, bakarra eta dibertigarria izateari utzi gabe. Oraingoan irailaren 15 eta 16an, ostiral eta larunbatez ospatuko den jaialdirako bonoak salgai jarri ditu antolakuntzak. Azken asteotan 30 eurotan eskuragarri jarri ostean, orain garestixeago erosi ahalko dira; apirilaren 19ra arte, 48,50 eurotan. 

Bestalde, pixkanaka aurreratzen doaz, 2017ko Kutxa Kultur Festibaleko musikari parte hartzaileen zerrenda. Hauek dira gaurkoz Zubietara datozenak: The Jesus and Mary Chain, The Hives, The Divine Comedy, Hercules and Love Affair, Love of Lesbian, Jeremy Jay, Amateur, De Pedro, Kokoshca, Zea Mays eta Vanessa Zamora. Aipatu moduan, hauek dira momentuz, Zubietako hipodromoan kontzertuak eskainiko dituzten taldeak. Baina ez bakarrak. Antolakuntzak aurrerago talde gehiagoren izenak plazaratuko ditu.

Zaldi lasterketarik ez azkenean

Datorren edizioak lau eskenatoki izango ditu. Kontzertuak oholtzaz txandakatzen joango dira. 8.000 lagunentzako lekua egongo da gune berri honetan, Igeldon 6.000 lagunentzako tokia zegoen. Bi egunotako kontzertu festa, arratsaldeko 17:30etan hasi eta goizaldeko ordu txikietan amaituko da, saio elektronikoekin. Estreinako aldiz, jaialdiak akanpadarako gune propioa izango du.

Igeldon kontzertuekin batera, parkeaz gozatzeko aukera baldin bazegoen, Zubietako hipodromoan, musikaz gain, zaldi lasterketak ospatzekoak ziren. Azkenean ordean, proposamen honek eragindako kexen ondorioz, lasterketak bertan behera utzi ditu antolakuntzak.

Igeldoko parkea uzteko arrazoiak

Antolakuntzak ohar bidez adierazi du, zergatik aldatu duten eskenatokiz Kutxa Kultur Festibala. "Bost urtez Igeldo Mendia atrakzio-parkean izan da Kutxa Kultur Festibala, baina une honetan ezinezkoa da festibala parkean egiten jarraitzea, festibalaren ezaugarriak direla eta. Horretan gurekin bat datoz parkeko arduradunak, eta haiei eskerrak eman behar dizkiegu orain arte eman diguten babesarengatik. Hobekuntza-lanak egin dira parkeko barrutian. Bereziki aipatzekoa da zoladura berria jarri dutela; izan ere, hori dela eta, ezinezkoa da muntaietarako beharrezkoak diren zenbait kamioi eta makina bertara sartzea. Horrenbestez, agertoki batzuk kendu eta jende kopurua murriztu beharko genuke. Bestalde, hiriaren turismo-eskaria gero eta handiagoa da, eta parkea ezin da itxita eduki festibalaren aurreko eta hurrengo egunetan muntatze- eta desmuntatze-lanak egiteko. Hori guztia aintzat hartuta, teknikoki Igeldo ez da aukera bideragarria", adierazi dute.

Halere, udako gauetarako musika-proiektu berri bat lantzen ari direla iragarri dute, "parkea izugarri gustatzen zaigu" eta.