"Nola irudikatzen duzu ametsetako Zubieta?". Etorkizuneko Zubieta marraztera dei egiten die bizilagunei bertako Herri Batzarrak, asteazken honetarako, martxoak 15, 18:30etan Kaxkapen deitu duen batzarrean. Parte hartze prozesu bat osatu nahi dute zubietarrekin, aurrera begirako Zubieta diseinatzeko. Hala, eremu ezberdinei loturiko gaiak hartuko dituzte ahotan, eta gaion inguruan zubietarrek dituzten iritzi eta ekarpenak bildu nahi dituzte. Herri batzarraren autonomia maila, energia berriztagarriak, eragileentzako diru-laguntzak, erabilera anitzeko etxea, hondakinen kudeaketa, jaiak, bidegorri eta pasabideak... izango dira ahotan hartuko dituzten gaietako batzuk. Baina zubietarren bestelako kezka, zalantza eta galderei erantzuteko tartea hartuko dute gaurko saioan.
Etorkizuneko estrategien lanketa
Donostian auzoz auzo abiatzen ari diren parte hartze prozesuen testuinguruan jarri dute martxan Zubietakoa. Bertan prozesu propioa abiatu dute. Etorkizuneko herria diseinatu nahi dute: diagnosia osatu; norbanakoen eta kolektiboaren asebetetze faktoreekin etorkizuneko Zubieta irudikatu; etorkizuneko agertokiak mahaigaineratu eta dakartzaten mehatxuak eta aukerak ikusi nahi dituzte; eta gaurtik aurrerako estrategiak eta lan ildoak zirriborratu. Martxoaren 8an egin zuten lehen batzarra. Herritar talde bat ekarpenak egiten hasi zen Kaxkapen. Lanketa hari gaur emango diote jarraipena.
Etorkizuneko Zubieta diseinatzeko parte hartze prozesua
Eguna: martxoak 15, asteazkena.
Ordua: 18:30.
Tokia: Zubietako Kaxkape egoitza.
Plantetatuko diren gaietako batzuk:
-Nola irudikatzen duzu zure ametsetako Zubieta?
-Zubieta "guztion ongiaren udalerria" izan dadin nahi duzu, Orendain bezala?
-Zubietak energia berriztagarrietan aurrerapausoak eman behar al ditu?
-"Erabilera anitzeko etxea" behar dugu? Alamandegin edo eraikin berri batean?
-Herriko eragileek diru laguntza gehiago behar dute?
-Herriko jaiak laburtu edo daudenean utzi?
-Zubietako Herri Batzarrak botere eta autonomia handiagoa izan dezan nahi duzu?
-Hondakinen bilketa sistema egokia al da?
-Usurbil, Lasarte edo Donostian dagoen zerbait nahiko zenuke Zubietan?
-Santuenearainoko bidegorria eta Troiako pasabidea txukuntzea beharrezkoak dira?
-Kultur etxe berriak soziedadea izatea nahi duzu?
Deitzailea: Zubietako Herri Batzarra.