Datorren oporraldirako aisialdi ekimenetan izen emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2017ko martxoaren 15a

Gaztetxo futbolarien topaketa ospatu zuten aurreko oporraldian. Apirilaren erdialdean ikasleek izango dituzten atseden egunetarako kirol txokoak antolatu ditu Usurbil F.T.-k. Jada izen emateko epea ireki dute. Martxoaren 31ra arte bideratu ahalko da inskripzioa, Haranen. Kirol jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera eskaintzen duten txokoak, apirilaren 18tik 22ra izango dira, goizez, 09:30-12:30 artean.

Aginagako txokoetako izen ematea

Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak apirileko oporraldirako (apirilaren 10tik 12ra eta 18tik 21era) txokoak antolatu dituzte haurrentzat Aginagako ludotekan, goizez, 09:00-13:00 artean (sarrera 10:00ak arte). Izena martxoaren 17a baino lehen eman beharko da, aginaga@eskolatxikiak.org helbidera idatzita. Txokoetako prezioa, apuntatu den haur kopuruaren arabera zehaztuko dute.

Udajolaserako arduraduna eta begiraleak behar ditugu

Zehaztasunak: Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak uztailean ohi duen Udajolas aisialdiko ekimenerako arduradun eta begiraleak behar dira. 

Profila:

-2 urteko esperientzia.

-Zuzendari titulua izatea.

-Begirale titulua izatea.

-EGA edo baliokidea den agiria izatea.

-Sexu delitua egiteagatiko aurrekari penalak ez dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

-Usurbildarrek lehentasuna izango dute.

Clown saioa Ludotekan: "Gorputz higienea"

Bihurri ludotekak Clown saioa antolatu du, martxoaren 17rako, arratsaldeko 17:30etan aipatu ludotekan bertan. "Parte hartuko duten antzezleen aurkezpena egingo da, eta ondoren, sorosleek argi eta garbi azalduko dituzte jarraitu beharreko pausoak: eskuak garbitzea, dutxa, hortzak garbitzea".