NOAUA! Kultur Elkarteko bazkideen batzarra deitu dugu ostegun honetarako, martxoaren 16rako Potxoenean. Lehen deialdia, arratsaldeko 18:30etarako, bigarrena ordu erdi beranduago, 19:00etan. Honatx jorratuko dugun gai zerrenda:
1-2016ko memoria eta balantze ekonomikoa.
2-2017ko egitasmoak eta aurrekontuak.
3-Zuzendaritza Batzordearen osaketa eta onarpena.
4-Galdera erantzunak.
Lan deialdiak
Udajolaserako arduraduna eta begiraleak behar ditugu
Zehaztasunak: Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak uztailean ohi duen Udajolas aisialdiko ekimenerako arduradun eta begiraleak behar dira.
Profila:
-2 urteko esperientzia.
-Zuzendari titulua izatea.
-Begirale titulua izatea.
-EGA edo baliokidea den agiria izatea.
-Sexu delitua egiteagatiko aurrekari penalak ez dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.
-Usurbildarrek lehentasuna izango dute.
NOAUA! banatzeko ordezkoen lan poltsa
Zehaztasunak: Gaur egungo banatzaileren batek bere lana utziko balu, ordezkoa beharko genuke. Horretarako osatu nahi dugu lan-poltsa.
Lan deialdion inguruko informazio gehiagorako eta Curriculumak bidaltzeko:
elkartea@noaua.eus
943 360 321
Bordaberri, 3
2016. urteko NOAUA! denak koadernatzeko garaia da
Atzean geratu zen 2016. urtea. Iazko NOAUA! guztiak koadernatzeko garaia da, hortaz. 641 eta 682 zenbakien arteko aldizkariak biltzeko tapak eta aurkibideak eskuragarri daude. Nahi duzuenean NOAUA!tik pasa jasotzera. Bazkideok doan eskuratu ahalko dituzue, NOAUA! kultur elkarteko egoitzara etorrita. Bazkide ez direnek, 3 euro ordaindu beharko dituzte tapa edo azalarengatik eta 1,20 euro aurkibidearen truke. Koadernatzea Lizardi edo Laurok liburu dendan egin dezakezue. Koadernatze lanengatik bai, bazkide direnek eta ez direnek berdin ordaindu beharko dute.
14. Laburbira, martxoaren 26an
2016an zehar euskaraz ekoitzi diren film laburren uzta ezagutzeko aukera aparta izango dugu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, martxoaren 9tik apirilaren 12ra. Usurbilen martxoaren 26an 19:00etan izango ditugu ikusgai sortze lanok, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik Sutegin. Emanaldirako sarrera doakoa izango da. Film laburrok ikusteko aukera izango dugu: "Azken Saskia", "Beti bezperako koplak", "Ihesa", "Elemakarrak", "Jalgi", "280º", EUSPOT Lehiaketako spot onenak, "Hileta". Honatx xehetasunak: 14. Laburbira
20. Korrikan lekukoa eramateko deia
Badator 20. Korrika! Apirilaren 4an, gaueko 23:39an iritsiko da gure artera Lasartetik. Zubieta, Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dituen ibilbidean zehar, lekukoa hartuko dutenen artean izango dugu NOAUA! Kultur Elkartea. Duela bi urte bezala, lekukoa zuek, NOAUA!ko bazkideok eramatea nahi genuke. Taldetxo bat osatu nahian gabiltza. NOAUA! kide bazara, deitu 943 360 321 telefono zenbakira edo idatzi elkartea@noaua.eus helbidera, martxoaren 24a baino lehen.
Errigoraren oliba olio bidoi eta kontserben kanpaina berria martxan
Uztaberria kanpainako produktuak eskatzeko epea zabalik izango duzue martxoaren 14ra arte. Eska daitezkeen produktuak: 5 litroko oliba-olio birjina estra edo ekologikoa, pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, barazki-menestra, potxak, tomate frijitua, barazki-, kalabaza-, porru- eta brokoli-kremak. Produktuok lote ezberdinetan erosteko modua izango da. Informazio gehiago hemen: Errigoraren elkartasun kanpaina
Baionako Bernat Etxepare euskal lizeoa laguntzeko elkartasun kanpaina abian
Txikia eta zaharkitua geratu da Baionan kokatua dagoen Ipar Euskal Herriko euskal lizeo bakarra, euskara hutsean lan egiten duen Seaskako Bernat Etxepare Lizeoa. 2017-18 ikasturterako prest egongo den gune berri bat eraikitzen ari dira. 300.000 euro behar dituzte lizeo berria ekipatzeko. Elkartasun kanpaina honetan diru ekarpenak egiteko epea zabalik duzue jada apirilaren 7ra arte, NOAUA!n, Alkartasuna Kooperatiban, Lizardi liburudendan eta Udarregi Ikastolan. "Sagarrondoa erosiz hauspotu dezagun euskararen sagartzea eta Bernat Etxepare Lizeoa!", luzatu dute gonbita elkartasun ekimen honen sustatzaileek. Honez gain, eragile, elkarte, kooperatiba eta enpresei ere deia luzatzen zaie kanpaina honetan parte hartzeko. Honatx harremanetarako telefono zenbakia: 688 639 910. Apirilaren 8an Usurbilen ospatuko den 5. Dantza Egunean, Bernat Etxepare Lizeoko ikasle eta irakasleak Usurbilera etorriko dira. Laguntza emateko postua jarriko dute frontoian. Informazio gehiagoralko: Bernat Etxepare Lizeoaren aldeko kanpaina