Eredu propiorantz Usurbil, atez atekoaren 8. urtemuga honetan

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 16a, 12:00

8 urte bete ditu gaur Usurbilgo atez ateko bilketa sistemak. 8. urtemuga honetan, etorkizunera begira lanean dihardu udalerri honek, hondakinen kudeaketa eredu propioa izateko ahaleginean. Horretarako, abenduaren 22an “Usurbil 0.0” izeneko behin behineko bide orria aurkeztu ostean, herritar, eragile eta nazioarteko hainbat adituren ekarpenak biltzen aritu da Udala azken hiru hilabeteotan. Prozesu honetatik behin betiko izaera eman zaio dokumentu honi. 2023. urtera bitartean, hartu beharreko neurriak zehaztu dituzte.

“2008. urtean hondakinak era arduratsuagoan kudeatzeko aitzindaritza hartu genuenetik, Usurbilek hainbat aurrerapauso eman ditu norabide horretan. Espainiar Gobernuko Ingurumen Ministerioak Usurbilgo Udala praktika onen eredu gisa aitortua du gaur egun, eta ohikoa da bestelako erakundeetatik Usurbilgo udalerrira bisita egitea bertako bilketa eredua ezagutzeko. Bederatzi urteren ondoren, usurbildarrek argi eta garbi helarazitako mezua jaso dugu, eta Usurbilgo Udalak bere hondakinen kudeaketa integrala garatzeko ahalmena duela erakusten dugu programa honen bitartez”, azaldu du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.

Prozesuan parte hartu duten adituak

Besteak beste:

Joan Marc Simón, ‘Zero Waste Europe’ erakundeko zuzendaria

Ramon Plana, Biologian doktore eta hondakin organikoen tratamenduetan aditua

Gorka Bueno, Ainhoa Iraola eta Dani Zuazagoitia EHUko Ingenieritza Eskolako ordezkariak.

2023rako helburuak

-Usurbilgo hiri hondakinen sorrera %10 murriztea.

-Usurbilen sorturiko biohondakina herrian konpostatu eta erabiltzea.

-Hiri hondakinen %90a gaika biltzea.

-Hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren defizita 0 izatea.

3 lehentasun mailatan banaturiko 41 puntuko ekintza plana

Aurreikusitako ekintzen artean:

-Herriko biohondakina baserri konpostaren bidez birziklatu eta konposta herrian bertan erabiltzea.

-Tasa bidezkoagoak sustatzea, kutsatzen duenak gehiago ordain dezala indartuz.

-Ekitaldi publikoetako zein kale garbiketako hiri hondakinen zerbitzua hobetzea, gaikako bilketa hobetuz eta prebentzio protokoloa martxan jarriz (edalontzi eta mahai tresneria berrerabilgarriak, prebentzio eta kudeaketa programak, etab).

-Errefusaren bilketan, hondakin inerteen datuak hobetzen jarraitzea.

Programa honek lorgarritzat dituen "Zeroak":

-0 hondakin birziklagarri gaika bildu gabe: "Ez dadila birziklagarria den ezer ondo jaso gabe gelditu".

-0 hondakin birziklagarri aprobetxatu gabe: "Ez dadila xahutu materialki birziklagarria den ezer".

-o hondakin biodegradagarri zabortegian.

-0 hondakin desmaterializatu edo erraustu.

-0 hondakin ekonomia zirkularretik at.

-0 defizit zerbitzuan.

Ikuskera horren oinarrizko ezaugarriak:

-Herritarrak ahalduntzea.

-Eginkizun eta arduraren dimentsio kolektiboa indartzea.

-Ingurumena eta osasuna lehenestea.

-Azpiegitura makro eta erraldoien ordez, azpiegitura doitu eta eskalagarriak sortzea: "Tokiko konponbideak arazo globalei".

Txosten osoa ikusgai esteka honetan: "Usurbil 0.0"