Usurbilgo herriari eskertza gutuna helarazi nahi izan dio Valentziako Picassent espetxetik, Xua Lasagabaster Urangak. Honatx NOAUA!n jaso berri dugun gutun hunkigarria bere osotasunean:
Muxuak Picassentetik, kaixo denei!
Xua naiz eta eskerrak eman nahi dizkizuet niri ongi etorria emanez eta amonari, amatxori eta aitatxori elkartasuna adieraziz, idatzi eta elkarretaratzeetan bildu zareten guztiei. Udalari ere bai, egindako guztiagatik. Eta bereziki, txoko-marrubizko muxu pila helarazi nahi dizkizuet marrazki polit-polittak bidaliz, amatxorekin partekatzen dudan ziega koloreztatu didazuen laguntxo berriei. Orain politagoa dago, zuen alaitasunak edertua. Leku itsusia da hau eta jende tristea atea zabaldu eta ixten diguna. Baina amatxok dio hemen ez gaudela betiko. Zoragarria den herri batekoak garela, Usurbil izena duela eta gure tokia bertan dagoela, amonarekin eta zuekin. Aitatxo ere antzera mintzo da, ijitoa izanik hasieratik bat gehiago bailitzan hartu zenutela eta zuen aurrean txapela kentzen duela. Handiagoa naizenean hor biziko garela diote, baina aurrena lortu behar dugula amona sendatzea eta aitatxo beste nonbaitera ez eramatea. Zuen babesarekin eta gure grinarekin seguru lortuko dugula. Eskerrik asko denoi eta tori pa guztientzat.
Xua Lasagabaster Uranga
Xua, Olatz eta Patxi, espetxe berean
Patxi Uranga euskal presoa Valentziako Picassent espetxean geratuko da azkenean, bikote lagun eta alaba, Olatz Lasagabaster eta Xua jaioberria dauden espetxe berean honenbestez. Gogoan izan, Olatz Picassentera lekuz aldatu zuten haurdunaldiaren azken etapan. Ordutik espetxe ezberdinetan izan dituzte. Xua alaba jaio zenean, Patxik alaba ezagutzeko baimena eskatu arren, aita alabak elkar ezagutzeko 21 egun igaro behar izan zuten.
Patxi Picassentera lekuz aldatu zuten azkenean, otsaila hasieran. Orduan ez zegoen argi, Valentziako espetxe honetan bertan geratuko ote zen. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik berri eman dutenez ordea, bai, Patxi, Olatz eta Xua elkarrekin egongo dira, espetxe berean.
Mari Karmen Anza, Donostiako ospitalean
Bestalde, duela bi aste ekarri zuten Olatz Lasagabaster presoaren ama Mari Karmen Anza Valentziako ospitaletik Donostiakora. Olatz alaba bisitatu eta Xua biloba ezagutzera joan zen urtarrilean Valentziara, eta gaizki sentitu ostean, 33 egun pasa zituen bertako ospitaleko ZIUn. Otsailaren 23an plantara eraman zuten. Hobeto egonda, orain etxetik gertu duen ospitalera ekarri dute Mari Karmen.
"Eskerrik asko benetan denoi!"
Otsailaren 24an Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, Zubiaurrenea kaleko mural berriaren ondoan egin zuten elkarretaratzean animu eta babesa adierazi zioten mobilizazioan batu ziren 118 usurbildarrek Olatz Lasagabasterren amari. Elkarretaratzeko deitzaileek, hitzordu honen aurretik Mari Karmenekin hitz egiteko aukera izan zuten. Hala zioen Olatzen amak. “Ikaragarria izan da jaso dugun babesa. Denbora honetan guztian ezin nuen adierazi, baina hala sentitzen nuen. Eskerrik asko benetan denoi!”, hortxe Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, azken elkarretaratzean usurbildarrei helarazi zizkieten Mari Karmenen hitzak. Bere ahizpa Arantzak ere mezu bera helarazi nahi izan du: “Esan usurbildarrei eskerrik asko, bihotz-bihotzez”. Bihotzak eskutan, elkartasun eta animu mezua helarazi zioten usurbildarrek Mari Karmen Anzari otsailaren 24an.