Martxoaren 26an iritsiko da Laburbira gure artera

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 17a, 12:35

Badator Laburbira, Euskaltzaleen Topagunearen euskarazko film laburren zirkuitua. Martxoan zehar egingo da euskarazko film laburren zirkuituaren XIV. edizioa eta Usurbilgo herrira martxoaren 26an iritsiko da. 

Martxoaren 3an hasi eta apirilaren 7an bukatuko da aurtengo Laburbira, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen euskarazko film laburren zirkuitua. Laburbiraren helburu nagusiak euskarazko film laburrak eta haien egileak ezagutaraztea da, ikusleek hauek ezagutu eta beraiekin gozatzeko aukera emanez.

Denbora tarte horretan, Euskal Herriko eta atzerriko 32 herri eta hiri zeharkatuko ditu. Hamalaugarren edizio honetan Usurbilen ere geldituko da Laburbira. Martxoaren 26an igandea arratsaldeko 19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi auditorioan ikus ahal izango ditugu film laburrak. Beste urte batzuetan bezala, NOAUA!ren eskutik iritsiko da Laburbira gure artera.

Aurtengo ediziora aurkeztutako hogeita bi lanetatik elkarren artean oso desberdinak diren zazpi film labur aukeratu dituzte antolatzaileek: Oier Fuentesen Azken Saskia, Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak, Alejandro Diaz Castañoren Ihesa, Ibon Izaren Elemakarrak, Eki Pagoagaren Jalgi, UDA Filmsen 280º eta Kepa Sojoren Hileta. Gainera, EUSPOT lehiaketako spot onenak ikusteko aukera ere izango da film laburrekin batera.