321.000 lagun hil dira. 4 milioi lagunek ihes egin behar izan dute sorterritik, alde egin dutenen erdia haurrak izan dira eta 3.500 pertsona baino gehiago hil dira Europara heldu nahian, bidean. Tartean haurrak. Errefuxiatuek bizi duten errealitate latz hau jorratzen du, Hernan Zinek zuzenduriko "Nacido en Siria" filmak. Ostiral honetan, martxoaren 17an, 19:00etan Sutegin ikusi ahal izango dugu azken Goya Sarietarako izendatu zuten ikus-entzunezko lan hau. Filmak urtebetetik gora, zazpi haurrek, Marwan, Arasulí, Gaseem, Jihan, Kais, Hamude eta Mohammedek Siriako gerratik ihesi, etorkizun hobe baten bila Europara etortzeko egiten duten bidea islatzen du, haien ikuspuntutik. Filmeko lan taldeak sorterritik irteten diren unetik egiten duten bidaia latza erakusten du.
Zuzendariak dioenez, "filmak gai honetan dagokigun erantzukizun zatiaz hausnartzen laguntzea espero dugu. Hainbatek hormak eraikitzearen aldeko apustua egiten duten honetan, "Nacido en Siria" zubiak eraikitzen laguntzea nahi dugu". Informazio gehiago, http://nacidoensiria.com atarian duzue.
Herritarren lekukotzak
Hurbiletik ezagutu dute errefuxiatuen errealitate latza. Distantziatik egunerokoan hedabideen bidez ikustera “ohitu” garena bezain edo are gogorragoa dela diote Juanito Orella eta Jose Luis Aranburu herritarrek. Belgradon egonak dira duela aste gutxi, errefuxiatu kanpamenduetan laguntzen. Ostiral honetan emango dute bi herritarrok haien lekukotza, Sutegin 19:00etan antolatu den "Nacido en Siria" filmaren proiekzioan. Errefuxiatu kanpamenduak gertutik ezagutzen dituzten Mundu Berri Elkarteko kideekin ere solasaldia izango da. Ekitaldirako sarrera 2 eurotan eskuratu ahalko da egunean bertan. Bildutako laguntza Serbiara bideratuko da.