Musikak girotu zuen otsaileko hitzordua. Igande honetan, ospatuko den hirugarren edizioak aldiz, erabakitze eskubidearen aldarria izango du ardatz nagusietako bat. Martxoaren 19an bueltan dator, Hurbilago Elkarteak, oraingoan Munalurrako Txapeldun taberna atarian (euria bada frontoian) antolaturiko Bizi Kalea. Ohi bezala, jan edanarekin, haurrentzako eskulan txokoarekin, zozketak… Eta oraingoan, maiatzaren 7ko galdeketa antolatzen ari den Herritzartu Elkarteak ere parte hartuko du gune gastronomikoan. Hurbilago Elkartearekin batera, galdeketa laguntzeko tonbola egingo dute. Sarien zozketa egingo da igandean, baina errifak aurrez erosi ahalko dira euro baten truke, Bizi Kalean parte hartzen duten tabernetan.
Aurkezpena igandean 13:00ean
Tonbolarekin batera, maiatzaren 7ko kontsultarako galdera ere eta abestia ere aurkeztuko ditu Herritzartuk. Abestia, herriko musikariek sortu dute erabakitze eskubidearen egun handirako. Galderari dagokionez, gogoan izan, martxoaren 12ra arteko epea genuela Herritzartuk proposaturiko 3 galderetako bat hautatzeko. Hiruretatik zein izango den kontsulta egunean usurbildarroi egingo zaigun galdera, martxoaren 19an ezagutuko dugu, 13:00ean Bizi Kalea gune gastronomikoaren baitan, kantarekin batera deitu duten aurkezpen ekitaldian. Abestiaren aurrerapentxo bat sarean zintzilikatu dute: https://www.facebook.com/gureeskudago.usurbil/videos/1810151225913540/
Sorpresa gehiago
Galdera eta abestia igandean aurkeztuko ditu Herritzartuk. Baina iragarri dutenez, "ez pentsa sorpresak hor amaituko direnik! Taldekideak jo eta su gabiltza lanean, laister izango dituzue albiste gehiago!" iragarri dute sare sozialen bidez, Rudi hau eta beste batzuk zabaltzearekin batera:
Egitaraua:
Eguna: martxoak 19, igandea.
Ordutegia: 11:30etatik aurrera.
Tokia: Munalurra, Txapeldun taberna atariko plaza. Euria ari badu, frontoian.
Egitaraua:
-Mokaduak: txanpinoiak parrilan, zaldi haragidun bolak eta gazta sagarkia gozoarekin.
-Haurrentzako eskulana, Txirinbolo dendaren eskutik.
-Maiatzaren 7ko galdeketaren aldeko tonbola. Errifak aurrez eskuragarri, Bizi Kalea ekimenean parte hartzen duten tabernetan.
-13:00ean maiatzaren 7ko galdeketarako herriko musikariek sortu duten abestiaren eta kontsultarako galderaren aurkezpena.
Irudiak: Herritzartu.