Erraustegia eraikitzeak eragingo duen zorra ezkutatzeagatik eta "gipuzkoar guztion interesen defentsan", administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu du EH Bilduk, EAJ eta PSEren aldeko bozkekin onarturiko Gipuzkoako 2017ko Aurrekontuen Foru Arauaren aurka. Otsailaren 22an aurkeztu zuten Xabier Olanok eta Iban Asenjok sinaturiko auzi-errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusian. "Iruzur egiten da", adierazi du EH Bilduk ohar bidez. "Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako (GHK) partzuergoa Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren zorra bere gain hartu behar du Diputazioak. Foru Gobernuak, aldiz, zorra ezkutatu du, indarrean dauden legeak urratuz", salatu du koalizioak.
"Aurrekontuek ez dituzte betetzen, indarrean dauden legeak"
Auzi-errekurtso hau aurkezteko zergatiak azaldu ditu EH Bilduk ohar bidez. "GHK kontsortzioa Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren aurrekontuak Foru Aurrekontuetan jaso behar dira, eta ez bakarrik informazio-xedearekin, baizik eta epe luzerako aurreikusten dituzten zor-eragiketak kontrolatze aldera ere bai.
2017ko urtarrilaren 31n, GHKk esleitu zuen erraustegia diseinatu, finantzatu, eraiki, martxan jarri eta mantentzeko kontratua, 35 urterako administrazio emakidaren bitartez. Horrekin batera, partzuergoak aurreikusten du kontratua aurten sinatuko duela, horren ondorioz derrigorrezko aldizkako ordainketak ezarriz, aurrez finkatutakoak eta erabileratik independenteak. Argi eta garbi, pasibo finantzario izaera dutenak arautegi kontablean.
Araudiak horrela dioen arren, 2017ko Aurrekontu Foru Arauak ez du inon jasotzen erraustegiak suposatzen duen pasibo finantzario izugarria, gipuzkoarron etorkizuna hipotekatuko duena. Zorra ez aipatzearekin, ihes egin nahi diete Europak, Estatuak eta foru araudiek ezartzen dituzten kontrol eta limite zorrotzei. Hortaz, argi dago Aurrekontuek ez dituztela betetzen indarrean dauden legeak, eta administrazio emakidaren figura erabiliz, ekidin nahi izan dituztela zorraren kontrolak eta limiteak, aurrekontu egonkortasuneko helburuak urratuz. Egoera honek ezegonkortasun juridikoa dakar herrialdeko Administrazio publikoentzat".