Martxoaren 25eko Donostiako manifestaziora joatera deitu du, Errausketaren Aurkako Mugimenduak

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 18a, 13:50

"Garaiz gaude oraindik gauzak ondo egiteko", gogorarazi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak eguerdian, Donostiako Anoeta futbol zelaian egin berri duen agerraldian. Bertan bildu diren norbanako nahiz eragileek, babesa adierazi eta bultzada eman nahi izan diote, astebete barru, martxoaren 25ean, gune horretatik bertatik, arratsaldeko 17:00etan Anoetatik abiatuko den manifestazioari. 

"Alternatiba dagoelako, errausketarik ez" aldarripean egingo den mobilizazioak Donostia erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu Bulebarreraino. "Manifestazio handia izatea nahi genuke. Hor bilduko gara "erraustegirik ez" esateko eta beste jendarte eredu bat aldarrikatzeko", iragarri dute. Gipuzkoako Foru Aldundian agintean diren alderdiei mezu argia helaraziko zaie, astebete barru. "Gelditu ezazue proiektua, hartu ezazue hondakinen kudeaketa onaren norabidea. Egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari", aldarrikatuko da.

"Errausketak badauka alternatiba"

Aipatu moduan, errausketa alboratzen duen alternatibaren aldeko herri mobilizazio handia izatea nahi dute deitzaileek. "Errausketak badauka alternatiba, demostratua dago alternatibak balio duela eta Gipuzkoan erraustegirik gabe ondo kudeatu ditzakegula gure hondakinak", adierazi dute bertaratu direnen izenean, Garazi Iturralde zubietarrak irakurritako adierazpenean. 

Bestelako hondakinen kudeaketa eredu hau nola gauzatu ere zehaztua du Errausketaren Aurkako Mugimenduak, martxoaren 9an aurkeztu zuen alternatiban argi utzi zutenez. Hondakinen gaikako bilketa eraginkortuta, hondakin gehienak aprobetxatu, erreus kopurua ahal bezain beste murriztu eta errausketa alboratzen duen bestelako tratamendu bat emanda.

Administrazio eta udalerrien laguntza, ezinbestekoa

Alternatiba hau gauzatzeko ordea, udalerri askok hasitako bideari gainerako udalerriak batzea ere ezinbestekotzat jotzen du Errausketaren Aurkako Mugimenduak, "ez baita onargarria batzuek 50 kg errefus azpitik botatzea, pertsonako eta urteko, eta beste batzuek 250 kg edo 300 kg botatzen segitzea. Ez da onargarria eta ez da justua".

Administrazioak bide honetan lagundu behar duela diote. Baduela zereginik, "hasteko, gaika ondo biltzeko sistema eraginkorrak ezartzen Gipuzkoa osoan, eta era berean gaika ondo bildutako hondakinak ondo tratatzeko azpiegiturak prestatzen. Urgentziazkoa da Gipuzkoak dagoenekoz organikoarentzako dauzkan azpiegiturak hobetzea eta behar diren berriak sortzea", adierazi dute.

Manifaren hitzordua

Eguna: martxoak 25, larunbata.

Ordua: 17:00.

Ibilbidea: Donostiako Anoeta futbol zelaitik abiatuko da. Amaitu berriz, Bulebarrean.

Aldarria: "Alternatiba dagoelako, errausketarik ez".

Deitzaileak: Errausketaren Aurkako Mugimendua (+hamarnaka eragileren babesa).