Maiatzaren 7rako Usurbilen egingo den herri kontsultak galdera ere badu jada. Igande eguerdian aurkeztu zuen Herritzartuk, Munalurran ospaturiko Bizi Kalea ekimenaren baitan. "Nahi al duzu Euskal Herria estatu independentea izatea?" horratx usurbildarrei egingo zaigun galdera maiatzeko lehen igandean. Txalo artean hartu zuten herritarrek galderaren hautaketa, eta bide batez, esker ona adierazi zitzaien zeregin honetan parte hartu duten herritar eta lan talde anitz eta zabalari.
Parte hartze prozesu baten emaitza izan baita, kontsultarako erabaki den galdera. Herritzartuk argi zuen hasieratik, ahalik eta herritar gehienen iritzia aintzakotzat hartu behar zela. 3 galdera posible proposatu eta hauetako baten, egokienaren alde bozkatzeko aukera izan dute herritarrek bide ezberdinetatik, azken asteotan. "Guztira 164 iritzi jaso dira. Benetan pozik egoteko moduko erantzuna izan da. Gustoa ematen du halako erantzunarekin lan egitea", adierazi zuten Herritzartuko kideek.
Aurkezpena, egun seinalatuan
Galdera aurkezteko ez zuen edozein egun hautatu, galdeketa antolatzen ari den herritar taldeak; egun seinalatu bat baizik. "Gaurko eguna, martxoaren 19a, data garrantzitsua da herri eta herritar orok duen erabakitze eskubidearen aldarrikapenean. Euskal Herriaren estatus politikoa erabakitzeko dugun eskubidearen defentsarako eraikitzen ari gara marea handi bat", zioten, igande eguerdian Herritzartuk ospaturiko ekitaldian.
Marea handi horren baitako lehen olatua osatu zuten atzo, 35 udalerrik guztira. Zehazkiago esanda, Oarsoaldea, Tolosaldea, Hernani, Astigarraga eta Larrabetzun galdeketak ospatu zituzten. 120.000 herritar inguru deituak zeuden bozka ematera. "Bihoa beraientzat gure animurik indartsuena", adierazi zieten txalo artean Munalurratik.
Galdera adosteko prozesuko emaitzak
Parte hartzea: 164 iritzi jaso dira.
Galdera posible bakoitzak jaso duen babesa:
%19: "Ados al zaude euskal estatu independentea sortu, garatu eta babestearekin?"
%21: "Nahi al duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?"
%56: "Nahi al duzu Euskal Herria estatu independentea izatea?"
Galdera adosteko osatu den prozesua
-Otsailaren 17ra arte: herritarrek proposamenak bidaltzeko aukera izan zuten.
-Gero, 3 galdera adostu zituen, zeregin honetarako Herritzartuk osaturiko lan taldeak.
-Otsailak 23: batzar informatibo irekia egin zuten Potxoenean, 3 galderak aurkeztu eta eztabaidatzeko.
-Martxoak 12ra arte: herritarrek galderon inguruko iritzia emateko aukera izan zuten.
-Ondoren: herritarren iritziak aztertu eta Talde Sustatzaileak lantaldearen proposamena kontuan hartuta, behin betiko galdera zehaztu du.
-Martxoak 19: galdera ezagutzera eman da, Munalurran ospatu den Bizi Kalea ekimenaren baitan.
Hurrengo deialdiak
Deialdi gehiago iragarri dituzte Herritzartutik asteotarako:
Martxoak 24, ostirala
19:00 Herritzartu elkartearen egoitzaren inaugurazioa.
Erabakitze eskubidearen inguruko hitzaldi zikloa Sutegin
Martxoak 31, ostirala
19:00 “Erabakitze eskubidea Katalunian eta Euskal Herrian. Ze paper jokatzen ari da gizarte mugimendua?”. Hizlariak: Elena Jimenez (Òmnium Cultural) eta Pello Urzelai (Gure Esku Dago). Elkarrizketatzailea: Mertxe Aizpurua (kazetaria).
Apirilak 5, asteazkena
19:00 Tolosaldeako galdeketaren ingurukoak ezagutzeko aukera. Hizlariak: Kike Amonarriz (Tolosaldeako Gure Esku Dago) eta Garbiñe Biurrun (Tolosaldeako Gure Esku Dago).
Apirilak 21, ostirala
19:00 “Erabakitze eskubidea alderdi politikoen ahotan”. Hizlariak: Luke Uribetxeberria (EAJ-PNV), Marian Beitialarrangoitia (EHBildu) eta Juantxo Iturria (Ahal Dugu-Podemos).