Iñorkiñak taldekoek jarri diote doinua, maiatzaren 7ko galdeketari

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 20a, 11:58

Galdera soilik ez, soinu banda ere badu jada maiatzaren 7ko herri kontsultak. Herritarrek jarri diote doinua, usurbildarrek hilabete eta erdi barru hautetsontzien bueltan izango duten hitzorduari. Iñorkiñak taldekoek hain zuzen, beste hainbat usurbildarren laguntzaz. Igande eguerdian aurkeztu zuten Munalurran ospatu den Bizi Kalea ekimenean, datorren herri kontsultarako espresuki sortu duten abesti alai eta dantzagarria. Maiatzaren 7an parte hartzera, bozka ematera animatzen gaitu kantak. "Hitza hartu dezagun, itzartu gaitezen", dio. Ondoko bideoan duzue entzungai. 

Abestia entzungai izateko deia

Munalurra plazan atzo ospatu zen Bizi Kalea ekimenaren baitan aurkeztu zuen Herritzartuk, galderarekin batera, baita abestia bera ere. "Gure eskerrik zintzoena", adierazi zieten txalo artean, kanta honen sortze lanetan parte hartu dutenei. Abestia aurkeztuta, maiatzaren 7ra bitarte, ahal bezain bestetan entzungai izateko deia zabaldu dute galdeketako antolatzaileek. "Espero dezagun maiatzaren 7a bitartean herriko gune desberdinetan entzutea, guztion bultzada beharko baitugu egun arrakastatsua eta parte hartzailea izan dadin", zioten Herritzartutik.

Abestiaren xehetasunak

Abestiaren egilea: Iñorkiñak taldea (Mikel Alkorta, Luken Arkarazo, Jokin Irastorza eta Aroa Etxeburua).

Laguntzaileak: Ixak Arruti, Olatz Allur, Nora Huitzi, Martina Artola eta Araia Zubizarreta.

Garate estudioan grabatua.

Ekoizlea: Luken Arkarazo.