Herritzarturen tonbolak eta jan edanak ere girotu zuten Bizi Kalea

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 20a, 11:45

Osagai anitz izan zituen igandean, Munalurra auzoko Txapeldun edaritegi atarian ospatu zen Bizi Kalea gune gastronomikoak, eragile desberdinen laguntzaz ospatu baitzen. Hurbilago Elkarteko tabernariek antolaturiko hitzorduan aurkeztu ziren Herritzartuk maiatzaren 7rako deitua duen herri kontsultarako galdera eta abestia. Honez gain, galdeketa diruz laguntzeko tonbola ere ospatu zen. Eta girotze lanetan aritu ziren Ana Urdangarin eta Larraitz Izagirre, Herritzartuko gainerako kideekin batera. Sari mordoa banatu zuten, euro baten truke errifak erosi zituztenen artean.

Ohitura den moduan bestalde, ez zen falta izan jan edanik. Tabernariak etengabe lanean ikusi genituen eguerdi partean, pintxo goxoak sukaldatu eta zerbitzatzen. Igandeko menuan jaki goxo askoak genituen; txanpinoiak parrilan, zaldi haragidun bolak eta gazta sagarki gozoa. Bapo jateko modua izan zen.

Plazan egokitu zuten hamaiketako gunearen alboan berriz, txikien txokoa izan zen beste behin. Txirinbolo dendakoen eskutik, sortze lanetarako tailerra antolatu zuten. Itzalpean, eguzkiak gogotik jo zuen eta atzokoan. Eta hala, eguzkipean ibili ziren baita Lauburu, Usurbilgo Konpartsako buruhandiak ere. Lasterka bizian.

Datorrena, dantza giroan

Hurrengo Bizi Kalea, apirilaren 9rako iragarri du Hurbilago Elkarteak, oraingoan Mikel Laboa plazan (euria egingo balu frontoian). Datorrena ere berezia izango da, 5. Dantza Egunaren biharamunean ospatuko baita. Orbeldi Usurbilgo Dantza Taldeak, ohi baino egitarau zabalagoa prestatu du aurtengoan. Azken hitzordua, apirilaren 9rako 13:00ean Mikel Laboa plazako Bizi Kalea ekimenaren baitan; Tioteronen Semeak taldekoen "Fresh-cool" kale ikuskizuna.

Zozketa

Ohi bezala, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan xahutzeko 150 euroko erosketa balea zozketatu dute Bizi Kalea ekimenaren amaieran. 983 izan da zenbaki saritua. Eta zenbakiaren jabea, Munalurrako plazan bertan zen zozketa egin dutenean. Gaurko saritua, Susana Martin herritarra izan da. Zorionak!