Udaberrian sartu gara, ordu aldaketa dator orain

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 20a, 11:29

Negua joan da. Edo hori diote behintzat. Goizeko 11:29az geroztik ofizialki udaberrian gara jada. Adituen kalkuluen arabera, 92 egun eta 18 ordu iraungo ditu aurtengoak. Ekainaren 21ean sartuko gara udan.

Ordu aldaketa

Udaberrian sartu berri garen honetan, erlojuak udako ordutegira egokitzeko unea ere heldu da. Larunbatetik iganderako (martxoaren 25etik 26rako) goizaldeko 02:00etan 03:00ak izango dira. Honenbestez, ordulariak ordubete atzeratu beharko ditugu.

Txori kabiak eskuragarri doan, Alkartasuna Kooperatiban

Zelaiak loretan ditugu jada. Noiznahi entzun ditzakegu txoriak kantuan. Iaz bezala, berriz ere txori kabiak eskuragarri jarri ditu Alkartasuna Nekazal Kooperatibak. Kabi mordoa ditu edonoren eskuragarri. Doan lortu daitezke, Atallun duten egoitzara gerturatuta. Informazio gehiago: 


943 361 114

alkartasuna@usurbil.com

alkartasuna.eus

Kontuan hartu beharrekoak

Habi-kaxak erabiltzen dituzten hegaztiak

Hegazti intsektujaleak (kaskabeltza, amilotx urdina, gerri txori arrunta, landa txolarrea, txepetxa…) normalean. Hegaztiok habiak egiteko zuloak behar izaten dituzte. Habi-kaxak ezinbesteko bihurtzen dira, zulo natural nahikorik ez dagoen kasuetan.

Non jarri kaxak 

Baso gazteetan, basotxoetan, parkeetan, lorategietan, erreka ertzetan eta antzeko lekuetan. Ez jarri bat bestearen ondoan. 10 kaxa hektareako, hori izan ohi da kopuru egokia.

Nola jarri eta zeri erreparatu

2-5 metro arteko altueran jarri, hegoekialdera begira, pixka bat aurrerantz inklinatua, inor bertara ez iristeko moduan baina ezta leku zailetan ere, jarraipena egin ahal izateko. Adar batean zintzilikatu, horretarako emandako alanbrearekin. Ez jarri zuhaitzaren enborraren aurka, ezta modu finkoan ere, kaxak mugitu behar baitu. Ez ireki kaxarik erruten ari diren artean, ezta kume txikiak dituen artean. Maiatza bukaera edo ekaina hasieran irten ohi dira kaxatik.

Garbiketa eta konponketa lanak:

Kaxak hustu, garbitu eta konpondu urtero udazken partean, hurrengo kumaldirako.

Aholkuak: 

Jarraipena egin, eta jarraipen horren emaitzak txosten batean jaso.