Zubietako herri kontsultako galdera, martxoaren 30eko batzarrean adostuko dute

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 21a, 13:49

Astearte honetarako, martxoaren 21erako deitua zuten Zubietan, maiatzaren 7ko herri kontsultarako galdera adosteko batzar irekia. Zubiartean Elkarteak ordea, hitzordua martxoaren 30era atzeratzea erabaki du. Hilaren 30ean, 19:00etan Kaxkapen deitu duten bileran adostuko dute kontsultarako galdera, iragarri dutenez, Mario Zubiaga EHU-ko irakaslearen laguntzaz. 

"Zubietar moduan parte hartu nahi dugu"

Galdeketa propio bat egitea erabaki dute maiatzaren 7an Zubietan. Usurbilen, Lasarte-Orian edota Urola Kostako udalerrietan galdeketak ospatuko diren egun berean. Herritar talde bat urte hasieratik hitzordua prestatzeko lanean dabil. Martxoaren 4an aurkeztu zuten galdeketa, Zubietako frontoian. Hainbat txokoetako herritarrek hitza hartuko duten urte honetan, aurkezpenean ziotenez, "guk zubietar moduan parte hartu nahi dugu, erabakitze eskubidearen alde gaudelako. Gure etorkizunari buruz, guk hitza hartu nahi dugulako".

Galdeketaren helburua, "gure herri izaera errespetatu eta babestea da. Horrela Zubietari bere herri izaera aitortuz". Abiapuntutzat dute galdeketa, helmuga ez dute ordea maiatzaren 7an jarria. "Hau hasiera besterik ez da! Zubietarrok prest gaude ibilbide honi ekiteko, gure herri nortasuna aitortzearen alde lanean jarraitzeko", iragarri dute.

"Zubietarron arteko lotura ukaezina da"

Usurbilen maiatzaren 7an galdeketa antolatzea erabaki zenean planteatu zuten zubietarrek nola parte hartu hitzordu honetan. Bi udalerrien, Usurbilen eta Donostiaren artean banatua egon arren, "Zubietaren izaera berezia da" diote. Banaketaren gainetik, "zubietarron arteko lotura ukaezina da" nabarmendu dute. Hala, urtarrilaren 28an herri batzarra deitu eta bertan erabaki zuten galdeketa propioa antolatzea. Ordutik herritar talde bat asteartero biltzen ari da Kaxkapen, galdeketa antolatzeko.

Martxoaren 4an aurkeztu zituzten galdeketaren ezaugarri nagusiak. Zubiartean izena du, galdeketa kudeatuko duen elkarteak. Elkartearekin batera, manifestua ere landu eta plazaratu dute, eta taldeko argazkia atera. Galdeketari begirako hurrengo urratsak ematera doaz orain. Manifesturako sinadura bilketari ekin diote jada eta galdera adosteko prozesu betean dira. Honatx xehetasunak:

GALDEKETARI BEGIRAKO PROZESUA

Galdeketa eguna: maiatzak 7, igandea.

Galdeketa kudeatuko duen elkartea: Zubiartean.

Manifestua: "Zubiartean. Zubietarrok erabakitze eskubidearen alde"

Taldearekin hartuemanetan jartzeko: 

zubiartean@gmail.com

Facebook: Zubiartean

Galdeketa antolatzeko hurrengo urratsak:

-Martxoak 30, osteguna: bilera ireki bidez adostuko da galdera 19:00etan Kaxkapen.

-Asteartero: Galdeketa antolatzeko taldea asteartero biltzen da 19:00etan, Zubietako Kaxkape egoitzan.