Herri batzarra deitu du Sortuk larunbaterako

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 22a, 16:09

Sortu birfundatzeko egindako prozesuaren ostean, "Sortu berri hau paperetik atera, herri eta auzoetan antolatu, forma eman eta martxan jartzeko unea iritsi zaigu", adierazi du Usurbilgo Sortuk NOAUA!ra helarazi duen idatzian. Horretarako, herri batzarra deitu dute larunbaterako, martxoak 25, 10:00etan Potxoenean. 

Kaixo lagun,

Uztailaren 21ean hasi genuen Sorturen fase kongresuala, bertan Sorturen ildo politikoa, oinarri ideologikoak eta antolakuntza ereduak birpentsatu, eztabaidatu eta eguneratu ditugu Euskal Herriko herri, hiri eta auzo ezberdinetan. Kongresua Bilboko Euskalduna jauregian 2017ko urtarrilaren 21ean burutu dugu eta orain, Sortu berri hau paperetik atera, herri eta auzoetan antolatu, forma eman eta martxan jartzeko unea iritsi zaigu.

Usurbilen abenduan egindako batzarrean, Sortuk herrian izan behar dituen funtzio eta lehentasunez jardun ginen. Bertan, eztabaidatu eta adostutakoak jasotzen saiatu gara eta eskutitz honekin batera bidaltzen dizkizuegu. Gauzak horrela martxoak 25ean, 10:00etan Potxoenean egingo dugun batzarraren deialdia luzatzen dizugu. Bertan, bidaltzen dizuegun dokumentua aztertu eta eztabaidatuko dugu eta zuzendu beharrekoak, gehitu edo kendu ondoren, Usurbilgo Sortuk izan behar dituen funtzio zein lehentasun horiek finkatuko ditugu.

Horrekin batera, guztia egikaritzeko mekanismoak eta baldintzak martxan jartzea izango dugu helburu, horretarako birfundazioa burutu duen lan taldeak antolaketa proposamen bat luzatuko du. Batzarrean bertan proposamenari ekarpenak egin ahal izango dira. Proposatutako taldean norbaitek aritu nahi badu ere, esan beharrik ez dago, gustura jasoko dugula ekarpena.

Sorturen birfundazioan parte hartu dugun guztiak elkartzea da gure nahia. Bertan ikusiko garelakoan, GORA HERRIA!

                                                                                                                                                           Usurbilgo SORTU