Martxoaren 9an Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegia alboratzen duen alternatiba aurkeztu zuen hedabideen aurrean. Orain herriz herriko aurkezpenak egiten ari dira. Asteazken honetan Lasarteko kultur etxean eskainiko dituzte xehetasunak, bertako Aire Garbia herri plataformak 19:00etan antolatu duen hitzaldian.
Alternatiba egingarriago, merkeago eta osasuntsuagoa
"Ezer berririk ez dugu jasotzen alternatiba honetan" esanez hasi zuten Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek, martxoaren 9an Donostiako Udalean egin zuten agerraldia. Erraustegia alboratzen duen alternatiba osasuntsuago eta merkeagoa aurkeztu zien aipatu mugimenduak hedabideei. 2011-15 legealdian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak landua zuen proiektua hain zuzen. Gako nagusiok ditu; batetik, gaikako bilketa sistema eraginkorra Gipuzkoa osora hedatzea; bildutako zati bakoitza egoki tratatzea; edota neurriokin nabarmen murriztuko litzatekeen erreusarentzat Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta malgua eraikitzea.
Egungo Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan eraiki eta 2019rako martxan jarri nahi duen erraustegiaren parean, kostuak murriztuko lituzke alternatiba honek. Eta noski, ingurumen eta gipuzkoarron osasunarentzat, alternatiba askoz jasangarriagoa litzateke.
Garai bateko plangintza berreskuratzeko eskaera
Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek Donostian zioten moduan, aurreko legealdian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) landua izan baina "kaxoian gordea duten" alternatiba da aurkeztu dutena. Erraustegia guztiz alboratzen duena. Egungo Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019rako Zubietan eraiki asmo duen errauste planta baino errazago eta azkarrago egingarri bilaka dezakeen alternatiba. Hondakinen kudeaketari irtenbide merkeago eta osasuntsuagoa emango diona. Aurreko legealdian GHK-k landu zuen plangintza hura berreskuratzea eskatzen dute Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideek. "Hor dago negoziaketa bat hasteko oinarrizko dokumentu bat", gogorarazten dute.
Egingarria dela nabarmentzen dute. Eta egi bihurtzeko gakoa, borondate politikoan dagoela nabarmendu zuten Joxe Mari Irazusta usurbildarrak eta Maria Luisa Sanchezek. Borondatearen baitan dago, egun Gipuzkoak dituen gaikako bilketa datuak hobetzea. Udalerriaren arabera, bilketa sistema ezberdinak daude indarrean. Sistemaren arabera, emaitzak ere desberdinak dira han eta hemen. "Desberdintasun horren gakoak zertan datza?", galdetzen zuten hedabideen aurrean Errausketaren Aurkako Mugimenduko ordezkariek. "Batzuk gaikako bilketa sistema orokortua dute, besteek borondatean oinarritua", azpimarratu zuten.
Argi denez hor bada zer hobeturik, eta zabaldurik. Aipatu mugimenduko kideen aburuz, "ez da onargarria batzuek pertsonako 50 kg azpitik sortzea eta beste udal batzuek 250 kg edo 300 kg sortzea. Ez da logikoa, ez justua. Gutxienez Debagoienak 2016an lortu duen pertsonako 80 kgtaraino denak murriztea lortu daiteke eta lortu behar da. Hori eginez gero, Gipuzkoak 50.000 tona errefus sortuko ditu".
Hitzetatik ekintzetara igarotzeko deia
Gaikako bilketa sistema eraginkortzeak epe motzean dakartzan emaitza bikainak Gipuzkoa osora hedatzea posible dela nabarmendu dute. Dagoeneko udalerri txiki, ertain eta handiak normaltasun osoz jorratzen ari diren bide horretara batzea galdegin diete gainerakoei. "Arrasaten, Beasainen, Hernanin edo Ordizian normaltasunez etxeetan egiten duten hori zergatik da ezinezkoa Donostian, Oreretan, Irunen, Azpeitian, Lasarten, edo Andoainen? Gakoa borondatea da. Eskatzen duguna da herri horietan birziklatzearen alde daudela esatetik birziklatzearen alde egitera pasatzea", gogorarazi dute. Alegia, gipuzkor orok sortzen ditugun hondakinen aurrean, erantzukizun maila parekidea izatea, eskura dagoen teknika hoberena baliatuz.
Urgentziazkoak, konpostatze plantak
Teknika hoberena aplikatzeko baliabideak jartzea administrazioari dagokio. Eta administrazioari, bilketa sistema eraginkorrenak sustatzeaz gain, bildutakoa tratatzeko Europako hondakinen kudeaketarako hierarkia (prebentzioa, berrerabilpena, birziklatzea...) errespetatuko duten azpiegitura egokiak prestatzea eskatzen dio Errausketaren Aurkako Mugimenduak. "Urgentziazkoa da Gipuzkoak dagoenekoz organikoarentzako dauzkan azpiegiturak hobetzea eta behar diren berriak sortzea", zioten.
Gainerako hondakin zati birziklagarrien tratamendua (papera eta kartoia, beira eta ontzi arinak) hobetzea ezinbestekoa dela nabarmentzen dute. Eta noski, erreusari ere irtenbidea ematea. Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegia alboratu eta Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta eraiktizea proposatzen du. Hurrengo urteotan, hondakinen kudeaketak izan dezakeen bilakaerari egokitzeko malgutasuna izango dena. Planta honetan, gogoraratzen dutenez, "errefusari ateratzen zaizkio aprobetxatzeko dauzkan materialak eta gainerako guztia ondo sailkatzen du".
Alternatibaren gakoak
-Prebentzioa ahalik eta gehien sustatu.
-Gaikako bilketaren emaitza onak Gipuzkoa osora hedatu.
-Sortutako hondakin guztiak tratatu. Hondakin zati bakoitzari dagokion tratamendu egokia eman.
-Erreusarentzako Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta eraiki:
1-Malgua: hondakinen kudeaketak etorkizunean izan dezakeen bilakaerara egokituko dena.
2-Gaitasuna: urtean, 150.000-160.000 tona zabor tratatu, gaika bildutako 20.000 tona organiko konpostatu eta 13.000 tona ontzi arin sailkatuko lituzke.
Etorkizunerako neurri gehiago...
-2.000 biztanletik beherako Gipuzkoako 43 udalerrietan zati organikoa bildu gabe konpostatzearen bidez tratatu.
-Berrerabilpena sustatu.
-Produktu sortzaileen erantzukizuna sustatu diseinuetan.
-Tarifa justuak sustatu: hondakinen sorreraren araberako ordainketa bultzatu. Gehien kutsatzen duenak gehien ordaintzea, gutxiago sortzen duenak gutxiago ordaintzea.
-Puntako eskualdeekin elkarlana bultzatzea: "Europan badira dagoenekoz martxan, Gipuzkoa adinako eskualde handiak (Italiako Treviso...) 50 kg errefusetik 8 urteko epean 10 kgtara murrizteko lanean ari direnak".
Erreusaren bilakaera
-Egungo 150.000 tona erreus ingurutik 50.000 tonara murriztuko litzateke Gipuzkoa osoan, gaikako bilketa eraginkortuz gero. 50.000 tona hauek TMB plantan tratatu ostean, 25.000 tonara murriztu ahalko dira. Hauek, inerteentzako biltegietan utziko dira.
-Erraustegia eraiki eta martxan jarriko balitz, 150.000 tona erre ostean, 50.000 tona errauts eta eskoria toxiko sortuko lituzke.
Kostua
-TMB planta: 70 milioi euro.
-Errauste planta: 212 milioi euro.
Egungo datuak
-Gipuzkoako 88 udalerrietatik 58 udalerrietan, %70etik gorako gaikako bilketa dute. Gipuzkoarren %25ak hondakinak egoki bereizten ditu.
-Udalerri guztiotan, gehienez 80 tona erreus sortzen dute urteko eta pertsonako. Gipuzkoako zenbait udalerrietan, 50 kg edo gutxiago.
TMB planta
Erraustegia