Sari baten zozketa, Laburbirara joan eta iritzia ematearen truke

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 22a, 15:24

Badator Laburbira, Euskaltzaleen Topagunearen euskarazko film laburren zirkuitua. Martxoaren 3tik apirilaren 7ra euskarazko film laburren zirkuituaren XIV. edizioa eta Usurbilgo herrira igande honetan, martxoaren 26an iritsiko da. Laburbiraren helburu nagusiak euskarazko film laburrak eta haien egileak ezagutaraztea da, ikusleek hauek ezagutu eta beraiekin gozatzeko aukera emanez.

Denbora tarte horretan, Euskal Herriko eta atzerriko 32 herri eta hiri zeharkatuko ditu. Hamalaugarren edizio honetan Usurbilen ere geldituko da Laburbira. Martxoaren 26an igandea arratsaldeko 19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi auditorioan doan ikus ahal izango ditugu film laburrak, beste urte batzuetan bezala, NOAUA!ren eskutik.

Aurtengo ediziora aurkeztutako hogeita bi lanetatik elkarren artean oso desberdinak diren zazpi film labur aukeratu dituzte antolatzaileek, urte hasierara arte jaso zituzten 22 lanetatik: Oier Fuentesen Azken Saskia, Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak, Alejandro Diaz Castañoren Ihesa, Ibon Izaren Elemakarrak, Eki Pagoagaren Jalgi, UDA Filmsen 280º eta Kepa Sojoren Hileta. Gainera, EUSPOT lehiaketako spot onenak ikusteko aukera ere izango da film laburrekin batera.

Zozketa, iritzia ematen duzuenon artean

Topaguneak lehiaketa antolatu du, Laburbirako filmak ikusi eta ikusitakoaz iritzia ematen duzuen guztion artean. Landetxe batean asteburu baterako egonaldia zozketatuko da. Lehiaketan parte hartzeko egin beharrekoa oso erraza da. Igandeko emanaldira etorri eta emanaldiaren ostean, kameratoia.eus atarian sartu eta zuen iritzia eman. 

  

"Azken Saskia" (Oier Fuentes)

Iraupena: 9´40´´.

Sinopsia: "Azken Saskian, Nafarroako azken saskigilearen ahotsetik, artisau-munduaren gainbeheraren arrazoiak, izateko modu hori eta kultura horren azken zertzeladak kontsumoaren gizarteak nola irentsi dituen erakusten da. Azken finean, kultura baten desagerpena kontatzen da, azken saskiaren sortze prozesuaren bidez. Jesus Mari Sein, Igantziarra da, eta bizitza osoa eman du saskiak egiten. Garai batean, 30-40 saskigiletik gora zegoen herrian. Benetako industria zen. Baina basoetan pinuak eta herrietan fabrikak etorri ziren… eta, orain, bere azken saskia eginen digu".

"Beti bezperako koplak" (Ageda Kopla Taldea)

Iraupena: 5´22´´.

Sinopsia: "Santa Ageda bezperako ospakizuna abiapuntutzat hartuz, Maialen Lujanbio bertsolariak genero indarkeriaren salaketa gordina egiten du. Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatzen dira, bai eta hura gainditzeko gure ezintasuna ere. Kopla hauek aitzaki hartuta, hogei euskal artista gaztek sortze lan kolektibo bat zuzentzen duten animazio teknika ezberdinak erabiliz".

"Ihesa" (Alejandro Díaz Castaño)

Iraupena: 15´19´´.

Sinopsia: "Maitanek Iosu senarrari goiko solairutik datorren itogin bat dagoela esaten dionean, hark igotzea erabakitzen du, arazoa bizikideei jakinaraztera. Bisitaldiak, ordea, espero ez zituen sorpresak ekarriko dizkio Iosuri".

"Elemakarrak" (Ibon Iza)

Iraupena: 4´50´´.

Sinopsia: "Natxo elebakarra da eta egunero bere hizkuntzaz zipriztintzen ditu bertako herritarrak eta inguruak, baina Irati, herrian bizi den umetxoa bustitzen ez da ausartzen. Iratik argi dauka; bere hizkuntza defendatuko du eta medikuarengana doanean ere, bere jarrera argi erakusten du, Iratik eta haren lagunak erabakia hartuta daukate".

"Jalgi" (Eki Pagoaga)

Iraupena: 11´.

Sinopsia: "Iratze sortzen da dantzarik ez duen (dantza galdu duen) herrialde zapaldu batean. Haurtzaroan misteriotsu zaizkion arrazoi batzuengatik amak etxea uzten du. Urte batzu berantago estatu zapaltzaileak bere aita erailtzen du. Iratze bakarrik gelditzen da arrotza iruditzen zaion munduan. Baina oroitzapen batek biziari lotzen du: bere amaren dantzak, bakarrik zirenekoak".

"280º" (UDA Films)

Iraupena: 2´47´´.

Sinopsia: "Gaztea da, baina argi du etorkizunean zer egin nahi duen. Sukaldean aritu nahi du; eta ikasi nahi luke, era profesionalean aritzeko. Irratiak emango dio soluzioa".

EUSPOT Lehiaketako spot onenak

Iraupena: 10´.

Sinopsia: "2012 urtean sortu zuten Aretxabaletako UdalakMondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Arteman Komunikazioak. 2015ean MusicLibrary musika editoreen enpresa batu zen proiektura eta 2016az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere badu euskarazko spot lehiaketak. Sormena bultzatzea eta publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea dira EUSPOTen helburuak. Horretarako, antolatzaileek urtero gai desberdin bat proposatzen dute eta lehiakideek, nahi duten estilo, teknika eta baliabideak erabilita, erantzuten diote sormen erronka horri. Aurkeztutako lanei ahalik eta hedapen handiena ematen zaie ostean. Bost edizioren ostean, lehiaketa Euskal Herri osora zabaltzeko erronkari heldu diote antolatzaileek".

"Hileta" (Kepa Sojo)

Iraupena: 19´50´´.

Sinopsia: "1925ean, herri txiki batean, bat-batean hil den Ingeren, Mikel Martikorenaren emazte gaztearen, hilbeila egiten ari dira. Herriko indar biziak bertaratu dira, baina familiako patriarka Martinek kezka bakarra dauka: Joanes bere seme ertainaren desagerpena, teologia ikasi ostean, mendian baitabil burua galduta, hildakoen berpiztea predikatzen".

Filmei buruzko zehaztasun gehiago, hemen: 2017ko Laburbira