Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, asteazken honetarako deitua zegoen grebak eragina izan du bereziki Zubietan. Aginagako Eskola zabalik zen arren, Zubietakoan erabatekoa izan da greba deialdia. Itxita zegoen gaur Eskola. Langileak greban eta haurrik ez ikastetxean.
Irakasleak, Hezkuntza Bereziko Hezitzaileak, haur eskoletako langileak, sukaldariak, garbitzaileak... Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileak grebara deituak zituzten asteazken honetarako, martxoak 22, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Guztira, 28.000 langile baino gehiago eta Haur Eskoletako partzuergoko 1.200 langiletik gora. Sindikatuen arabera, %75eko jarraipena izaten ari da deialdia. Gaurko lan uztearekin murrizketak alboratu, LOMCE eta Heziberri bertan behera utzi, hezkuntzarako inbertsioa handitu edota lan baldintzak hobetzea eskatzen ari dira. Eguerdian mobilizazioak izan dira hiriburuetan.