Usurbilgo musika sorkuntza plazara aterako du larunbatean Soinurbilek

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 23a, 13:36

Lau hormen barruan gogotsu egiten duten lanketa plazaratzeko tartea hartu ohi dute Zumarte Musika Eskolako kideek, urtean zehar antolatu dituen ekintzen baitan. Amaitzear dugun 13. Soinurbil Musika Astean bezala. Larunbat eguerdiko 12:00etan hasita, herriko musikariek hartuko dute Mikel Laboa plaza. Zumarteren altzoan jaio, hazi eta hezi diren The Hastelen´s, Ganbarakada, Zappa eta Nesquik taldeen musikaz gozatu ahalko dugu.

Ixaksonak taldeko kide Lide Pagola (ahotsa eta kitarra), Ainhoa Illarramendi (kitarra), Alex De Miguel (baxujolea), Ane Aizpuru (kitarra), Enara Egizabal (baterijolea) eta Olatz Allurrekin (ahotsa eta kitarra) partekatuko dute oholtza.

Pop-rock taldea

Ixaksonak duela 6 urte osaturiko pop-rock taldea dugu. Seikoteak hirukote gisa ekin zion ibilbideari. Talde kideak batu ahala, “gitarra elektrikoarekin jotzera igaro ginen, bateria egokitu eta talde rockero baten antza” hartzera heldu ziren. Estilo definiturik ez diotela aipatzen dute, baina pop-rock estilotik gertu kokatzen dute taldea.

“Oso estilo ezberdinetako kantak, gure ustez abesti onak, denen gustukoak izango diren abestiak, lasaiak, rockeragoak, maila guztietakoak” entzun ahalko ditugu martxoaren 25eko kontzertuan, taldeak aurreratu digunez.

Auditoriotik plazara

10 urte zituztela zapaldu zuten lehen oholtza; Sutegiko auditoriokoa. Gogoan dute estreinako egun hura. Urduritasunaz, baina baita izandako bizipen atseginez. Ikasturte amaieran Zumartek antolatzen dituen kontzertuetan izan zen. “Ken Zazpiren Zapalduen Olerkia izan zen, jo genuen lehen abestia. Lehen esperientzia ona izan zen”, oroitzen dute. Geroztik, Askatasuna plazan edota frontoian emanaldi gehiago eskaini izan dituzte. Kultur etxetik kalera emandako jauzia nabaritu zuten. “Sutegin ere dena ilun dago eta ez duzu ikusten jendeak nola erreakzionatzen duen. Frontoian zaudenean, ikusten duzu jendeak zer aurpegi jartzen duen eta sentsazioa ezberdina da”, diote taldetik.

Urte luzez oholtza gainetan ikusi ditugun herriko taldeei erreparatzen badiegu, gehiengoz neskez osaturiko talde bakarrenetarikoa dugu Ixaksonak, larunbatean ere entzungai izango ditugun Nesquik taldekoekin batera. Musika taldea izatea, “mutilentzako errazagoa eta normalagoa dela dirudi Usurbilen eta ia leku guztietan”, adierazi digute Ixaksonak taldeko kideek.

Eskolatik plazarako jauzia ematea kostatzen dela dirudien arren, errealitate hau aldatu daiteke aurrerantzean. Ixaksonak taldeko kitarra joleen irakasle Ixak Arrutiren esanetan, “ikasle gehiago ditut neskak, mutilak baino. Kantak sortu eta ateratzen bultzatzen saiatzen gara”.

Motibagarri eta hezigarria

Musika instrumentu batean trebatzen ari den ikaslearentzat ikasten ari den hori plazara ateratzeak, ikasitakoa praktikan jartzen ahalbidetzen dio eta motibagarria suerta daiteke. “Abestiak taldean gusturago jotzen dira. Zure lana jendaurrean eta taldean erakusteak motibatzen zaitu. Hasieran esperimentatzen zoaz, baina indartzen joan ahala, gozatu egiten duzu”, diote Ixaksonak taldetik.

Ibilbide honi eusteko asmoa dute etorkizunean Ixaksonak taldekoek. Baina haratago joatera ere animatzen ditu Ixakek. Zumartek antolaturiko ekitaldietan soilik ez, modu autonomoan, taldeok musika eskolatik kanpoko bestelako ekimenetan ere parte hartzera. Musika zaletasunari bidea ematen hasi nahi dutenei berriz, Zumarten “denontzako lekua dago” gogorarazten du. 

Musika Astea, azken txanpan

Martxoak 23, osteguna

19:00 Beasaingo musika eskolakoen bisita Sutegin.

Zehaztasunak:"Beasaingo Loinatz Musika Eskolakoak Usurbilera etorriko dira urtean zehar egindako lana erakustera".

Sarrera: doan.

Martxoak 24, ostirala

20:00 Rockalean ikuskizuna kalean.

Zehaztasunak: "Herriko kaleetako edozein lekutan jo dezakeen Rock talde bat imajinatzen al duzu? Ba horixe da RocKalean! Rock eta Pop estiloko kantu ezagunek osatzen dute gure kantu-zerrenda".

Martxoak 25, larunbata

12:00 Zumarteko pop-rock taldeen kontzertua Mikel Laboa plazan.

Zehaztasunak: "Zumarte Musika Eskolako taldeek eskainiko dute kontzertu hau. Adin desberdinetako ikasleak izango dira bertan parte hartuko dutenak eta dagoeneko emanaldi ugari eskaini dituztenak dira, taldeen izenak hauek dira: Zappa taldea, Nesquik Taldea, Ixaksonak Taldea, Ganbarakada Taldea eta The Hastelen´s Taldeak".

Martxoak 26, igandea

12:00 Azkoitiko musika bandaren kalejira eta kontzertua.

12:00 Kalejira.

13:00 Kontzertua frontoian.

Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.

Laguntzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.