Erraustegiko lanen esleipena eten dezaketen ekimen juridiko berriak iragarri ditu GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 23a, 21:00

Erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanen kontratuaren esleipena atzeratu edota agian etetea ere eragin dezaketen ekimen juridiko berriak aurkeztu dizkie hedabideei gaur, GuraSOSek. Batetik, 2002-2016 urte arteko Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketa Plan Integralaren ("PIGRUG") iraunaldia luzatzearen aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen GuraSOSek asteartean, martxoaren 21ean.

Horrekin batera, FCCk erraustegiko lanen esleipenaren harira aurkezturiko errekurtsoa ebazteko foru gobernuari bere burua eskumenik gabeko adierazi eta errekurtsoa EAEko administrazio organoari igortzea eskatu dio, "Foru Auzitegia ez delako organo eskuduna FCCren errekurtsoa ebazteko". Guraso taldearen esanetan, eskaera hau "Foru Organoaren beraren irizpidean oinarritzen du. Horretarako, eskaerari Foru Auzitegiaren beraren 2013ko maiatzaren 14ko ebazpena erantsi dio, non bere eskumen gabezia adierazi zuen garai hartan Urbaser enpresak GHKren aurka jarri zuen errekurtso bereziari buruz. Aurrekari horretan GHKren kontratu batean Urbaserrek jarritako errekurtsoa ebazten zen, eta aipatutako foru organoak eskumen gabezia adierazi zuen eta eskuduna ebazteko organo autonomikoa zela".

Eskumen gabezia ere badu gai honetan Foru Auzitegiak, GuraSOSen esanetan, GHK-ren baitan Debabarrena Mankomunitatea baitago, eta Mankomunitate honetan Gipuzkoako beste zenbait udalerrirekin batera, Bizkaiko bi udalerri; Ermua eta Mallabia. "GuraSOSek salatu du arrazoi horregatixe ezin dela izan ezargarri foru arautegia. Partzuergoaren lurraldeak Gipuzkoako udalez gaindiko esparrua gainditzen du", ohartarazi dute. Eta honenbestez, Partzuergoa "antolatzeko eskumena legedi autonomikoari dagokio, eta horrek, jakina, konplikazioak areagotuko ditu eta arazo larria izango da Foru Aldundia oinarritzen den lege arkitekturarako". 

Horiek, guraso taldeak asteazkenean egin zuen eskaeraren gako nagusiak, FCC-k aurkezturiko errekurtsoaren ebazpenari begira. Gogoan izan, FCC-ren errekurtsoak automatikoki eten egin zuen erraustegiko lanen esleipena. Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatuak FCCren errekurtsoa martxoa amaierarako ebaztea aurreikusia badu ere, erraustegiko lanen esleipenean beste bi hilabeteko atzerapena ekarri dezake GuraSOSek atzo eginiko eskaera honek, guraso taldearen esanetan.

Aurrekontuen Foru Arauaren aurkako errekurtsoa

Aipatu bezala eta aldez aurretik iragarria zuen moduan, beste ekimen juridiko bat ere abiatu du GuraSOSek. "Administrazio auzietarako errekurtsoa jarri zuen martxoaren 21ean, eta demanda idatzia formulatu du Gipuzkoako Lurralde Historikorako 2017ko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 8/2016 Foru Arauaren Zortzigarren Xedapen Gehigarriaren kontra". Xedapen honen kautelazko etendura ezartzea eskatzen du GuraSOSek eta EAEko Auzitegi Nagusiak eskaera hau ebatzi artean, Foru Administrazio Auzitegiak eten dezala FCCk jarria duen errekurtsoaren tramitazioa.

Xedapen honen bidez, berez joan den abenduaren 31z geroztik iraungita dagoen 2002-16 urte arterako Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketa Plan Integralaren ("PIGRUG") iraunaldia luzatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek, "eta halaber abenduaren 23ko 7/2008 Foru Arauak onarturiko 2008-2016 Aurrerapen Agiria, harik eta bi dokumentu horietan aurreikusten diren azpiegituren egikaritze osoa eta zehaztapenen erabateko betetzea gertatzen den arte". 

Guraso taldetik gogorarazten dutenez, Aldundiak iazko maiatzean ekin zion hondakinen kudeaketarako plan berria, 2017-2030 urte arterakoa tramitatzeari eta hau onartu aurretik egin beharreko parte hartze prozesua ere iragarri zuen, uztailetik abendura.  "Alabaina erabaki zuen politikoki plana ez tramitatzea eta hala legez herritarrek onartua duten eskubidearen erabilera saihestea", adierazi du GuraSOSek. Egun, berez joan den abenduaren 31z geroztik iraungita dagoen planaren iraunaldia luzatzea onartu dute Batzar Nagusiek.

Ingurumen baimen bateratuaz

Abian duten beste ekimen juridiko bati buruzko argibideak ere eskaini ditu GuraSOSek. Erraustegiaren ingurumen baimena kautelaz etetea eskatu zuen GuraSOSek. Aldiz, EAEko Auzitegi Nagusiaren bigarren sekzioak otsaileko 15eko autoan ukatu egin zuen eskaera hau. Honen aurrean, GuraSOSek berraztertze errekurtsoa jarri zuen. Guraso taldearen esanetan, laster ebatziko du EAEko Auzitegi Nagusiko administrazio-auziekiko Salaren bigarren sekzioak. Edozer gertatuta ere, GuraSOSetik iragarri dutenez, "ebazpen horren aurka kasazio errekurtsoa jar daiteke Auzitegi Gorenean". 

Bigarren kasazio errekurtso bat ere aurkeztu du GuraSOSek EAEko Auzitegi Nagusiaren administrazio-auzietarako Salaren lehen sekzioak 2017ko urtarrilaren 27an emandako epaiaren aurka, "zeinak ezetsi zuen GuraSOSek erraustegiaren kontratuaren tramitazioa eteteko egindako eskaera. Aipatutako kasazio errekurtsoa tramiterako onartzeko dago".

Ekimen berriak laster

Honaino GuraSOSek abian dituen ekimen juridikoen gainean eskaini berri dituzten xehetasunak. Bide juridikoaz gain, lan lerro berriak irekitzera doa laster GuraSOS, ostegun honetan hedabideekin eginiko bilkuran iragarri dutenez. "Garrantzia handiko bi gizarte ekimen dira, irudimentsuak eta berritasun handikoak, GuraSOSen iritzian egoera desblokeatzea lortuko dutenak", aurreratu dute. Aipatu moduan, ekimen berriok laster emango dituzte ezagutzera. Guraso taldearen iritziz, "gatazkaren konponbidea erraztuko dute datozen hilabeteotan". Beste behin gogorarazi dutenez, hondakinen kudeaketarekin dugun arazoari irtenbide adostua ematea da guraso taldearen helburu nagusia.