Goizeko 08:00ak pasatxotik elkarretaratzea egiten ari dira Ingemarreko langileak Donostian, Gipuzkoako Bazkundearen egoitza atarian, barruan, Ingemar Taldeko bazkideak batzarra egiten ari baitira. Langileon etorkizuna bazkideon esku dagoela adierazi nahi diete, Ingemarreko beharginen alde egitea eskatzearekin batera.
Oraingo kontseilariak lantegi hau babesteko apustu irmoa egiten ari ez direla ikusita, haiekin Usurbilgo lantegia itxierara kondenatua ikusten dute langileek. Egungo kontseilua kanporatzen ahalegintzea eskatzen diete langileek bazkideei, eta honenbestez, kontseilari berriei lekua uztea. Gaurko batzarra beraz garrantzitsu askoa izango da. "Kontuan hartu behar da erabakiaren menpe 74 familia daudela", gogorarazi zuen Ingemarreko langileen batzordeak asteartean egin zuen agerraldian.
Inbertsiogile baten beharra
Ataka estuan segitzen dute Ingemarreko langileek. Argi dute ordea, egoera zail hau gainditzeko zer behar duten; inbertsiogile bat, "oraingo hartzekodunen lehiaketatik atera dezan, eta gure lantegiaren aldeko apustua egin dezan; gure lantegia izan baita enpresaren ikurra. Kontseilari talde berri bati aukera eman behar zaio, ea Ingemar Taldearen arazoa konpontzen asmatzen duen".
Hala adierazi nahi izan zieten Ingemarreko langileen batzordeko kideek Ingemar Taldeko bazkide akziodunei, asteartean, Donostian egin zuten agerraldian. Lantegi honen aldeko apustua egiten segitzea eskatzen diete bazkideei eta "oraingo kontseilariak enpresatik kanporatzen ahalegintzeko, oraingo kontseilariak ez baitaude lantegi honen alde". Konfiantza zeharo galdua dutela diote Ingemarreko langileek. "Ingemar Taldea zuzentzen duen Kontseiluak promesa asko egin dizkie erakundeei, bazkideei, bankari eta langileei, baina emandako hitza ez du inoiz bete; hori dela eta, lehen izan zezaketen sinesgarritasuna galdu egin dute guztiz", nabarmentzen dute.
Epez kanpo, kapitala sartzen
Gogorarazten dutenez, Ingemar Taldeeko bazkideek kapital-gehikuntza bat egiteko baimena eman zioten Administrazio Kontseiluari urriaren 22an egin zuten batzar orokorrean. Batzar hartako aktan jasoa dagoenez, Administrazio Kontseiluak milioi bat euro eskuratu behar zituen hilabete eta erdiko epean, egungo bazkideen edo inbertsiogile berrien artean.
Baina aipatu kapital-gehikuntzarik ez du egin aurreikusita zuten epearen baitan. Usurbilgo plantako langileen batzordeak salatu duenez gainera, epez kanpo, orain bai, kapital-gehikuntza gauzatzeko epea igarota, "haiek berak ari dira kapitala sartzen, enpresaz jabetzeko, baina edonola ere legezko epeetatik kanpo. Gainera, Kontseilu horrek bi kide baino ez dituenez, gutxiengoan dago, eta ez du ahalmenik kapital-gehikuntza formalizatu eta erregistratzeko". Egoera honen aurrean argi utzi nahi dute langileen batzordeak, "bi irregulartasun horiek eginez gero, haien mesederako egingo dute, eta enpresa hau noraezean eramaten jarraitzeko, baina inola ere kontuan hartuko ez dutena 74 familiaren geroa izango da".
Bazkideen ezohiko batzarra gaur
Bazkide batzuk urriko batzar hura inpugnatzea erabaki dute, eta "oraingo Administrazio Kontseiluak gehikuntza lortzerik izan ez duela ikusita, ezohiko batzarra deitzea eskatu dute, oraingo Administrazio Kontseilua kargutik berehala kentzeko, hitz eman bai, baina ezer lortzen ez duelakoan".
Bazkideek ezohiko batzarra egiten ari dira ostiral goiz honetan, Donostiako Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan (Tolosa Hiribidea, 75, Igarako EHUren campusaren parean). Batzar hau dela eta, Ingemarreko langileek lan uztea deitu eta batzarra ospatzen ari den egoitza atarian elkarretaratu dira.