Hondakinen kudeaketa alternatiboari babesa adierazi diote milaka herritarrek, larunbat arratsalde honetan Errausketaren Aurkako Mugimenduak Donostian antolatu duen manifestazioan. Anoetatik abiatu eta Bulebarrean amaitu den mobilizazioa, errausketaren aurkakoa izan da, baina aipatu moduan, inoiz baino ozenago entzun da erraustegia alboratzen duen alternatiba babesteko aldarria.
Garaipena, gaurkoz erraustegirik ez izatea
Bulebarrean ospatu den mobilizazio amaierako ekitaldian antolatzaileek ziotenez, "hemen bildu gara, ez dugulako onartzen erraustegi inposatu bat. Datozen 35 urterako kaltetuko dituena gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa". Guztiok kaltetu eta hipotekatuko gaituen alferrikako proiektua dela esan dute eta ez dutela nahi ez Zubietan, ez beste inon ere. Garaipentzat jo dute, Zubietan eraiki asmo duten planta bultzatzen ari direnek proiektua urte luzez sustatzen aritu arren, oraindik orain, gaurkoz eraikia eta martxan ez izatea. "Denoi zorionak eta milesker! Batzuek hemendik tiraka, eta besteek hortik tiraka, iritsi garelako 2017ko martxora oraindik erraustegirik gabe", adierazi dute.
Kudeaketa alternatiboarekin, hondakinak erre beharrik ez
Mobilizazioko antolatzaileek argi gogorarazi dutenez, "garaiz gaude oraindik gauzak ondo egiteko" eta "Gipuzkoa puntako herrialdea izan daiteke, hondakinen kudeaketa burutsu eta iraunkorrean". Horretarako, hondakinen kudeaketa onaren norabidea hartzeko eta erraustegia alboratzea eskatu diete Gipuzkoako Foru Aldundian agintean diren alderdiei. Alternatiba badela gogorarazten diete, 2009az geroztik Usurbilen eta "Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan egunero" martxan dagoena. Eredu horrekin, hondakinak erre beharrik ez dagoela azpimarratu dute.
Ezinbestekoa, udalerri guztiak alternatibara batzea
Hondakinak erraustea baino garbiagoa, osasuntsuagoa eta merkeagoa den alternatiba horretara batzeko deia egin diete gainerako udalerriei ere. Denon artean aurrera egitera, hondakinak geroz eta hobeto kudeatzera. "Demostratu dugu gai garela bilketa on bat eginda, hondakinen parte oso handi bat aprobetxatu eta erreus kiloak jaisteko, eta azken erreus hori tratatzeko erre beharrik ez dugula. Orain nahitaezkoa da udalerri askok egin duten bideari beste guztiek ere jarraitzea", adierazi dute. Gaineratu dutenez, "ez da onargarria batzuek 50 kilo erreus azpitik botatzea pertsonako eta urteko, eta beste batzuek 250 edo 300 kilo botatzen segitzea. Ez da onargarria eta ez da justua. Denon betekizuna da hondakinak murriztea eta sortutakoa ondo sailkatu eta tratatzea". Ekitaldia hasi bezala, erraustegiari ezetz esanez, eta bestelako hondakinen kudeaketa eredua aldarrikatuz amaitu dute.