Erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak egoitza propioa du jada Usurbilen. Etxebeste kalean kokatua, ostiral iluntzean inauguratu zuen Herritzartu Elkarteak. Erabakitze eskubidearen aldeko bilgunetik adierazi dutenez, maiatzaren 7ra bitartean, lokal hau izango da "gure oinarrizko kanpamendua".
Bertan egingo dituzte bilerak, logistika lan guztiak ere bertatik bideratuko dituzte. Aldez aurreko bozka ere egoitza berri honetan eman ahalko da. Eta oraintxe bertan ziurrenik garrantzitsuena, boluntarioak antolatzeko gunea ere izango da Etxebeste kaleko lokal inauguratu berria. "Zabaldu gure mezuak, animatu zuen ingurukoak, boluntarioen zerrenda handitzen jarraitu beharra dugu", gogorarazi zuten Herritzartu Elkartetik, ostiral iluntzean ospatu zuten ekitaldian.
Laguntzaileen izen ematea
Boluntario edo laguntzaileen zerrenda osatu nahi du Herritzartuk. Astelehen honetatik aurrera, astetartean, egunero zabalik izango da Etxebeste kaleko lokala, 18:00-20:00 artean. Bertaratzera gonbidatzen gaituzte, egoitza ezagutu eta baita maiatzaren 7ko galdeketako antolaketa lanetan parte hartzeko izena ematera. Edozein argibide behar izanez gero ere bertan jaso ahalko da.
Jada laguntzen aritu edo boluntario gisa aritzeko izena eman dutenei eskerrak helarazi dizkiete. "Eskertzea, orain arte batean eta bestean laguntzen aritu zaretenoi. Oso eskertuta gaude, pozik. Jende dezente dago dagoeneko laguntzaileen zerrenden. Horrek adierazten du, hilabete eta erdiren faltan, jende askoren artean ari garela antolatzen. Herri galdeketaren ideia planteatzen zutenen helburuak betetzen ari garela. Oso pozik gaude horregatik eta hala zabaldu nahi dugu", adierazi dute Herritzartutik. Hurrengo asteotako ekitaldietan parte hartzera deitu dute.
Datozen deialdiak
Martxoak 31, ostirala
19:00 Hitzaldia Sutegin: “Erabakitze eskubidea Katalunian eta Euskal Herrian. Ze paper jokatzen ari da gizarte mugimendua?”. Hizlariak: Elena Jimenez (Òmnium Cultural) eta Pello Urzelai (Gure Esku Dago). Elkarrizketatzailea: Mertxe Aizpurua (kazetaria).
Apirilak 1, larunbata
12:00 Berme eta Jarraipen Batzordearen osaketa Potxoenean.
Apirilak 5, asteazkena
19:00 Hitzaldia Sutegin: Tolosaldeako galdeketaren ingurukoak ezagutzeko aukera. Hizlariak: Kike Amonarriz (soziolinguista eta telebista aurkezlea) eta Garbiñe Biurrun (epailea).
Apirilak 21, ostirala
19:00 Hitzaldia Sutegin: “Erabakitze eskubidea alderdi politikoen ahotan”. Hizlariak: Luke Uribetxeberria (EAJ-PNV), Marian Beitialarrangoitia (EHBildu) eta Juantxo Iturria (Ahal Dugu-Podemos).
GALDERAREN AURKEZPENAREN BERRI:
"Nahi al duzu Euskal Herria estatu independentea izatea?"
ABESTIAREN AURKEZPENAREN BERRI: