Aginaga, Usurbil eta Zubieta, espaziotik ikusita

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 27a, 11:13

Azken egunotan zenbait hedabideetan ikusi ahal izan dugu ondoko irudi eder hau. Thomas Pesquet astronatuta frantziarrak, Nazioarteko Espazio Estaziotik Donostiari atera dion argazkia partekatu du sare sozialetan erabiltzaileekin. Azaroaz geroztik ingeniari gisa lanean dabil bertan. Munduko txoko ezberdinetako irudiak atera eta partekatzen aritu da azken aldian, Twitterreko bere @Thom_astro izeneko kontuaren bidez.

Martxoaren 23an Donostiako badiari ateratako irudia partekatu zuen sare sozial honen bidez. Kontua da, Gipuzkoako hiriburuari soilik ez, inguruko udalerriak ere erretratatu zituela. Argazkiaren eskuin aldera begiratzen baduzue, hortxe ikusiko duzue bihurgunez beteriko Oria ibaia. Eta errio ertzean, Aginaga, Usurbil eta Zubieta. Inoiz ikusi ez bezala. Bide batez, ikusteko modukoa da espaziotik ere, Zubieta gaina nola zulatua duten, bertan eraiki asmo dauden erraustegi, makrokartzel edota industriaguneari lekua egiteko.