Jakin Jardunaldia ospatuko da uztailaren 13an eta 14an Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 27a, 15:35

Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroen baitan, Jakin jardunaldia ospatuko da Usurbilen, uztailaren 13an eta 14an, Usurbilgo Udalak, Udako Euskal Unibertsitateak eta Jakin Fundazioak elkarlanean antolatuta. Astelehen honetan sinatu dute hiru erakundeotako ordezkariek, Jakin Fundazioko lehendakari Joan Mari Torrealdaik, Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregik eta Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari Iñaki Alegriak lankidetzarako akordioa. Hiru urterako izenpetu duten hitzarmenak, erakunde bakoitzak bere gain hartuko dituen ardurak eta zereginak zehazten ditu. 

Sinadura ekitaldi honetan, udako jardunaldi honen inguruko zenbait xehetasun ere aurreratu dituzte. Oraindik gaia guztiz itxi gabe badute ere, "hizkuntza, hizkuntzak, euskara, euskarak, jatorria, generoa, klasea, egoera sozioekonomikoa gurutzatzen diren leku horretan gaur eta hemen zer gertatzen den ikusi nahi dugu", iragarri du Jakin Fundazioko zuzendari Lorea Agirrek. 

Xabier Arregi, Usurbilgo alkatea: "Zatozte gure herriaren erdira eta hartu zuentzat gure plaza"

Ez da jardunaldi akademiko soila izango. Xabier Arregi alkateak aurreratu duenez, Udaletik, egitarau akademikoari ongi josia egongo den "bestelako ekintza osagarriak eta jendaurrekoak ere egin nahi ditugu". Parte hartzeko gonbita luzatu du. "Uztailean gurera nahi genuke etortzea, gai honekin interesa izango duen herritarra, pentsalariak, adituak, arituak, eta esan, gaurtik ateak zabalik izango ditugula jardunaldietarako eta Usurbil bisitatu nahi duen edonorentzat", adierazi du Arregik, jardunaldi hau antolatzea ohore handitzat jotzearekin batera.

Usurbilgo Udalak, azpiegitura fisiko eta teknikoak jarri eta jardunaldiok finantzatzeaz gain, gunea eskainiko dio Jakin Jardunaldiari. "Zatozte gure herriaren erdira eta hartu zuentzat gure plaza", adierazi die alkateak, jardunaldian parte hartu nahi dutenei. Hiriburuaren periferian kokatua egon arren, Usurbilek bere txikitasunean ere nor badela esateko nahia eta beharra baduela adierazi du alkateak eta "beraz gure plaza zuekin partekatzea interes eta ilusio handikotzat daukagu".

Guneaz gain, jardunaldi hau antolatzeko unea ere oso egokitzat jo du alkateak. Azken hamarkadotan bezala, galdera bertsuak ditugulako gaur egun ere, "nola heldu behar diogun biharko egunari. Horra pentsalarien beharra, inoiz baino nabarmenago". 

Iñaki Alegria, UEU-ren zuzendaria: "Arrakastatsua izatea espero dugu"

Aukera ezinhobetzat jo du UEUren zuzendari Iñaki Alegriak uztailaren 13an eta 14an Usurbilen ospatuko den jardunaldian parte hartzea. Bat baitator UEUren helburuekin. Mende laurdeneko ibilbidea osatua du erakundeak, euskal unibertsitate herritarra eraikitzen, antolatu izan dituen ikastaro eta Usurbilgoa bezalako topaguneen bidez. "Oso ondo atera eta arrakastatsua izatea espero dugu", desio du Alegriak.

Topagune honek aukera ederra eskainiko du bere esanetan, "hausnarketarako, eztabaidako eta gaietan sakontzeko". Oso positibotzat jo du, duela bi urtetik Jakinekin hasia duen lankidetza, "emaitza bikaina izan du". Usurbilekin abiatzera doan lankidetza berria da UEU-rentzat, eta udalerri honek eskainiko duen tokia oso egokitzat jo du. Matrikulazio prozesua kudeatuko du UEU-k, zabalkunde lanak egingo ditu eta zerbitzu teknikoak antolatzeko ardura ere bere gain hartuko du.

Joan Mari Torrealdai, Jakin Fundazioko lehendakaria: "Unibertsitate herritarra ez da utopia"

Elkarlanaren eredu on eta unibertsitate herritarraren eredu gisa definitu du Jakin Fundazioko lehendakari Joan Mari Torrealdaik, hiru erakundeek gaur sinatu duten lankidetza hitzarmena. 1968ko maiatzaren ostetik, 70. hamarkadan herrietan antolatzen ziren hamabostaldi edota urteko ekitaldi zikloetan parte hartu izan dutela oroitu du; bai egitaraua josten edo hizlari gisa. "Gaurkoa ere ildo horretan kokatuko nuke neurri batean". Argi erakutsi nahi dute, "unibertsitate herritarra ez dela utopia". 

Poza eta esker ona agertu du fundazioaren izenean eta usurbildarra den heinean, aurkeztu eta sinatu duten lankidetza hitzarmenaren eta esku artean duten egitasmoaren aurrean. Bat datorrena guztiz Jakinen lelo hirukoitzarekin; "herria, kultura, hizkuntza". Herrigintzan dihardutela oroitu baitu Torrealdaik, euskalgintzari zentraltasuna aitortuz.

Lorea Agirre, Jakin Fundazioko zuzendaria: "Jakinentzat ere zentzu betea du Usurbilekin eta Usurbilen zerbait egitea"

"Usurbil guretzat bada nor, gure kulturgintzaren memorian eta iruditerian. Ez da edozein toki, Jakinentzat ere zentzu betea du Usurbilekin eta Usurbilen zerbait egitea", adierazi du Jakin Fundazioko zuzendari Lorea Agirrek.

Jakinek, pentsamendua sortu, kontrastatu eta sozializatzen tradizio handia duela azpimarratu du. Baita elkarlanean aritzekoa ere. UEUrekin esaterako. "2015ean hasi ginen elkarlanean eta egin ditugun bi jardunaldietan oso gustura geratu gara", adierazi du Agirrek. Jardunaldiak antolatzea erabat naturala zaiela zioen Agirrek.

Usurbilgoaren aurretik, beste bi jardunaldi antolatu izan dituzte, lehenengoan "herria, nazioa, estatua eta euskararen arteko harremanaz jardun genuen. Iazkoan, kultura autodeterminatuko balitz izenburua jarri genion. Aurtengoan gaia ez dugu erabat itxia, baina esango nuke, gaur egungo korapiloetako bati arreta eman nahi diogula. Gehiegi zehaztu gabe badaezpada ere, esango nuke, hizkuntza, hizkuntzak, euskara, euskarak, jatorria, generoa, klasea, egoera sozioekonomikoa gurutzatzen diren leku horretan gaur eta hemen zer gertatzen den ikusi nahi dugu. Hori izango da gure abiapuntua, adituekin, baina bereziki arituak ere ekarri nahi ditugu. Eta hor, hitz teorikoen eta errealitatean gertatu eta egiten diren ekimenen inguruan halako kontrastea sortu". Jakinek gogoetatu, diseinatu, antolatu, lotu, zuzendu, koordinatu eta dinamizatuko du hitzarmenaren arabera, uztaileko jardunaldia. Honen inguruko zenbaki monografikoa ere landu eta argitaratuko du.