Komunikabide berri bat jaio da: gurean.eus

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 28a, 10:33

Gurean.eus web orriak TOKIKOM osatzen duten 60 toki komunikabideen edizio digitaletako edukiak batu eta gaika antolatuta eskaintzen ditu.

"Euskaraz pentsatu, sentitu eta bizi zara, Gurean zara". Horrela aurkezten da gurean.eus , euskal errealitate lokalaren leiho globala izatea helburu duen hedabide berria. TOKIKOM osatzen duten 60 komunikabideen edizio digitalek sortutako albiste guztiak bateratzen ditu, komunikabide jeneralisten ohiko sailetan antolatuta: gizartea, ekonomia, kultura, kirolak, politika, ekitaldiak, euskara....

Gainera, sarean dagoen elkarlanerako gune irekia ere izan nahi du, gai berberaren gainean hainbat komunikabidek sortutako kronika eta analisiei zein TOKIKOM osatzen duten komunikabideen 250.000 ohiko irakurle eta erabiltzaileen iritzi eta aportazioei esker.

Sarerako pentsatua

Gurean.eus sarerako pentsatutako komunikabidea da, bereziki mugikorretatik kontsultatua izateko, nahiz eta tablet edo pc bidez irakurtzeko ere prestatuta dagoen. Gure artean informazio lokala emateko orduan aurki dezakegun hutsune garrantzitsua betetzera dator.