Gazte Akelarrerako bonoak, Aitzagan salgai

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 28a, 11:04

Ernai eta Aitzina gazte erakundeek “Gazte Akelarrea” antolatu dute apirilaren 13tik 16ra, Zornotzatik Igorrera. Oraingoan, martxa eta topagunearen arteko nahasketa bat izango da. Apirilaren 13an mendi martxarekin abiatuko da Zornotzatik eta gauez heldu Igorrera, gero bi egunez bertan izango dira. Kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak antolatu dituzte Igorren. Apirilaren 16an berriz Gernikako Aberri Egunera joango dira.

Hiru egunotarako bonoak salgai daude 35 eurotan Aitzagan. Prezio horren baitan, hiru eguneko egitaraua, akanpalekua, dutxak eta gainerako eskaintzaz gozatzeko aukera. Eguneko sarrera solteak ere salgai jarriko dituzte 15 eurotan beste hainbat txokoetan. Informazio gehiago: gazteakelarrea.info

Gazte Akelarrea: apirilak 13-16 Zornotzatik Igorrera!

Laugarren urtez jarraian, ERNAI eta AITZINA gazte antolakundeko kideok udaberriko ekimena ospatuko dugu, aurten “Gazte Akelarrea” gisa izendatu duguna. Aurtengoak, gainera, badu berezitasuna: martxa eta topagunearen nahasketa bat izango da. Apirilak 13, 14, 15 eta 16an ospatuko dugu Zornotzan hasi eta Igorrera mugituz. Zehazki, apirilaren 13an mendi martxan abiatuko gara milaka gazte arratsaldez Zornotzatik eta gauez helduko gara Igorrera, bertan bi egunez egongo garelarik.

Aurten sekulako eskaintza kultural eta politikoa egongo da, hiru egunez aspertzeko denborarik ez izateko. Larunbatean manifestazio nazionala izango da eta beste hainbat sorpresa ere iragartzeke daude.

Hitzaldiei dagokionez hamaika izango dira jorratuko diren gaiak. Besteak beste, herri boteretzea prozesu iraultzaileetan, herrien sostengarritasuna, MST-ko eskola nazionala, lan prekarioen aurkako borrokak, ekonomia feminista, errefuxiatuen afera, marxismoa, ezkerreko mugimenduetako erresistentziak, Sobietar Batasunaren urteurrena, preso politikoen borrokaldiak EPPK-n, gazte mugimenduak, gazteak eta independentzia…

Bestalde, tailer eta txapelketa andana izango da. Zurgintza, serigrafia, harrigintza, txalaparta eta pasta tailerrak, eta beste alde batetik, esku pilota eta eskalada txapelketak egongo dira. Aisialdirako tartea ere egongo da, noski; bakarlari desberdinak, elektrotxarangak, zumba, high line erakustaldiak, giza-futbolina, tirolina… Gurasorik gabe libre jolasean ibiltzeko umeentzako gunea ere egongo da.

Gaueko sorginentzat ez da akelarrerik faltako. Gatibu, Sociedad Alkoholika, Willis Drummond, Gatillazo, Anari, Huntza, Koban, Riot Propaganda, Mafalda, La Jodedera…eta beste hainbat taldek astinduko dute oholtza ostiral eta larunbat gauean.

Aurreko ekimenetan egin bezala, aurten ere hiru su izango dira piztuta ekimenean zehar; elikadura, eskaintza kulturala eta zaintza. Hiru horiek berebiziko garrantzia eta pisua izango dute burujabetzaren aldeko bidean “praktika burujabeen aldeko apustua” egiten baitugu.

Igorreko Akelarrearen ostean, apirilaren 16an Gernikan ospatuko den Aberri egunean emango diogu bukaera aurtengo udaberriko ekimenari.

Hiru eguneko bonoak salgai daude Aitzagan eta baita autobusean izena emateko aukera ere. Martxa, herria eta egitarauaren informazio osoa gazteakelarrea.info webgunean dago ikusgai. Usurbilgo gazteok ez gara etxean geratuko, eta sorgin dantzariak izango gara Euskal Herri librea lortze bidean.

Sugarren dantzan independentziara!

Usurbilgo Ernai