Txikia eta zaharkitua geratu da Baionan kokatua dagoen Ipar Euskal Herriko euskal lizeo bakarra, euskara hutsean lan egiten duen Seaskako Bernat Etxepare Lizeoa. 2017-18 ikasturterako prest egongo den gune berri bat eraikitzen ari dira. 300.000 euro behar dituzte lizeo berria ekipatzeko. "Izan ere, lizeoa uneko lizeoa txiki geratu baita dituen 15 eta 18 urte bitarteko 265 ikasleentzako. Esan bezala, Iparraldeko euskal lizeo bakarra eta berria izango den hau, 400 ikaslerentzako lizeo orokor, teknologiko eta profesionala izango da. Eraikin berria eta berau hornituko dituzten baliabideak lortzeko, 300.000 € behar dira. Honetarako, Etxepare Lizeoak "Hazten gaitu, Hazten dugu" kanpainari ekin dio laguntza jasotzeko sagarrondoak saltzen ari direlarik, Euskal Herriaren luze eta zabalean euskara isla diren sagarrondo hauek landatzeko. Hurrengo bideoan ikus dezakezuen moduan, 30, 50, 100 euro edo gehiagoko ekarpenen truke, sagarrondo bana emango diete laguntzaileei", iragarri dute kanpainako sustatzaileek.
Laguntza biltzeko, “Euskararen sagartzea” izeneko elkartasun kanpaina abiatu dute. Norberak eman dezakeen laguntzaren truke, “sagarrondo bat landatuko da, zerorrek landatuz nahi duzun lekuan edo guk “euskararen sagartzean” (Baionako lizeo ondoan) landatuz”.
Elkartasun kanpaina abian
Elkartasun kanpaina honetan diru ekarpenak egiteko epea zabalik duzue jada apirilaren 7ra arte, NOAUA!n, Alkartasuna Kooperatiban, Lizardi liburudendan eta Udarregi Ikastolan. "Sagarrondoa erosiz hauspotu dezagun euskararen sagartzea eta Bernat Etxepare Lizeoa!", luzatu dute gonbita elkartasun ekimen honen sustatzaileek. Honez gain, eragile, elkarte, kooperatiba eta enpresei ere deia luzatzen zaie kanpaina honetan parte hartzeko. Honatx harremanetarako telefono zenbakia: 688 639 910. Apirilaren 8an Usurbilen ospatuko den 5. Dantza Egunean, Bernat Etxepare Lizeoko ikasle eta irakasleak Usurbilera etorriko dira. Laguntza emateko postua jarriko dute frontoian.
Apirilak 8, larunbata
10:30 Bernat Etxepare Lizeoa babesteko sagarrondoen landaketa, Udarregi Ikastola atarian.
11:00 Sagastien Paisaia Kulturala ezagutzeko ibilaldia frontoitik, Jakoba Errekondoren eskutik.
11:00-14:00/17:00-19:00 Bernat Etxepare Lizeoa babesteko sagarrondoen salmenta frontoian.
Antolatzaileak: Udarregi Ikastola eta Bernat Etxepare Lizeoa.
Informazio gehiago: betxepare.eus