Altsasuko gertaeretan inputaturiko gazteak Iruñean epaitzea eskatu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 29a, 12:21

Iazko urrian Altsasun izandako gertaeretan, "zenbait gazte terrorismo delituagatik inputatuak izan ziren eta prozesu horren izapideak Iruñean egitea eskatzen dugu, izan ere, epaitzeko eskumena tokian-tokiko epaitegiei baitagokie eta ez Entzutegi Nazionalari". Hala dio, Usurbilgo EHBilduk aurkeztu eta astearteko osoko ohiko bilkuran udalbatzak gehiengo osoz onartu zuen mozioak.

Desegoki eta neurrigabekotzat jotzen du mozioak, desadostasuna agertzeaz gain, gertakariok terrorismotzat jo eta "atxilotu eta auzipetutako zortzi pertsonetariko batzuei behin-behineko neurri gisa baldintza gabeko espetxeratzea inposatu izana". Inplikatuak dauden pertsona guztiei, baita bere senide eta Altsasuko udalerriari ere, elkartasuna adierazten die testuak.

Altsasuko gertaeren harira aurkezturiko testuak gaineratzen duenez, "Usurbilgo Udalak, bere elkartasuna eskaini nahi dio Nafarroako Legebiltzarrak, Altsasuko alkatea (Javier Ollo Martinez) eta idazkiaren sinatzaileak (Sonia Notoria abokatua, Iñaki Lasagabaster UPV/EHUko katedraduna eta Altsasurekin elkartasuna Plataformako kideak) ordezkatzen duten gizarte zibilak luzatu duten deiari". 

Udalbatzak atzo hartutako erabakiaren berri emango die Udalak "Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzari, Funtzio Publikoa, Barne gaiak eta Justizia arloetako Sailburuari eta elkartasun taldeari".

"Ez da gure funtzioa"

Mozioa gehiengo osoz onartu zen, EHBildu eta EAJ udal taldeetako ordezkarien aldeko bozkekin. PSE-ko ordezkaria abstenitu zen. Fermin Orueren esanetan, "ez da gure funtzioa udal bezala, txosten hori ze epaitegik kudeatu behar duen esatea. Epaileek erabakitakoa errespetatu behar dugu". 

Udal gobernu taldetik adierazpenon aurrean, azken hitza epaitegiak izango dutela argi izan arren,  gai honetan "gure iritzia azaltzea badela gure egitekoa" defendatu zuen Xabier Arregi alkateak, gaiotan gizarteak duen papera erreibindikatzearekin batera.