Aldundiak erraustegiaren kontratua erakusteko 2.082 eskaera bilduak ditu jada Gipuzkoa Zutikek

Noaua Aldizkaria 2017ko mar. 29a, 12:58

24 orduko tartean, 2.000 sinaduratik gora bildu ditu Gipuzkoa Zutik mugimenduak abiatu berri duen ekimenak. Atxikimenduak biltzen ari dira, helburu argi batekin; Gipuzkoako Foru Aldundiak lanak esleitu dizkioten enpresa taldearekin astelehenean sinatu zuen erraustegiaren kontratua erakutsi dezan eskatzeko. "Gure izenean sinatuko duten kontratua ikusi nahi dugu. Egia jakin nahi dugu", dio Gipuzkoa Zutik mugimenduak, sinadurak biltzeko change.org atarian sortu duen orrialdean argitara emandako idatzian. Dagoeneko asteazken eguerdi honetarako, 2.082 sinadura bilduak zituzten. Segidan duzue idatzia eta Gipuzkoa Zutik mugimenduaren eskaera sinatzeko esteka:

Egia jakin nahi dugu: erakutsi erraustegiaren kontratua

Garai latzak bizi ditugu Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Herritar gehienok ekonomikoki oso kolpatuta gaudela, aberatsen eta gainontzeko guztion arteko tartea izugarri hazten ari da. Bitartean, Gipuzkoako Aldundiak behar ez dugun erraustegi bat eraiki nahi du diru publikoarekin nola edo hala. Albiste solteak ateratzen diren arren, ez dugu 35 urtetarako zorpetuko gaituen kontratuari buruzko informaziorik.

Proiektu honek herritarron artean sortzen duen aurkakotasuna oso garbia da. Errausleek, daukaten makinaria mediatiko guztia izan arren, eztabaida soziala galdu dute. Erraustegia inposatzera doaz. Horren aurrean guk tinko hau diogu: Erraustegirik ez, ez gure izenean. Egia jakin nahi dugu.

Orain gutxi jakin dugu gipuzkoar guztion diru publikotik 60 milioi euro ordaintzen ari garela bankari, EAJk ezkutuan sinatu, angulekin ospatu eta orain aste batzuk epaitegietan defendatu duten tratu horrengatik. Kalkulatzen da 1.500 milioi euroko zor publiko ilegitimoa eragingo digula erraustegiak, ikusi hemen herriz herri ordaintzea nahi dutena. Eta gainera, diru horretatik ehunka milioi euro zuzenean irabaziak izango direla enpresentzat. Jakin dugu erraustegiaren proiektua sinatuz gero, ondoren albo batera uzten bada 600 milioi euro oparitu beharko dizkiegula enpresei, “kalte ordain” kontzeptuan. Herritarron dirua, zerga bidez jasoa, zuzenean %1aren poltsikora kontratu eta kalte ordain kontzeptuetan.

Horregatik, eta gai hauei buruz ere erabaki nahi dugulako, zera diogu: Gure izenean sinatuko duten kontratua ikusi nahi dugu. Egia jakin nahi dugu.

Mankomunitateei eskatzen diegu herritarrak informa ditzatela gertatzen ari denaz, erraustegira bideratu nahi duten eta denonak diren milioika eta milioika euro horiei buruz.

Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio, egia jakin nahi dugu.

Sinadura bilketa, esteka honetan: https://www.change.org/p/markel-olano-pnv-egia-jakin-nahi-dugu-erakutsi-erraustegiaren-kontratua

Informazio gehiago:

Facebook: Gipuzkoa Zutik

Twitter: @GipuzkoaZutik